2014an Ariatzan egin zituzten topaketak
ABENDU SANTU HONETAN…koplak izeneko kontzertua emango dute Bizkaiko Marijesiek zapatu honetan. Iurretako elizan izango da kantaldia, eta bertan batuko dira, baita, Gernika-Lumoko, Gautegiz Arteagako, Mendatako, Ibarrangeluko, Eako eta Ariatzako (Muxika) marijesiak. Lekeitioko, Abadiñoko, Oromiñoko (Iurreta) eta Iurretako marijesiekin batera kantatuko dute Busturialdekoek. Kontzertua 19:00etan hasiko da.
Herriotako taldeek euren herrietako koplak kantatuko dituzte, doinu eta guzti. Letrak, luze-labur gora beheran, antzerakoak dira lekuotan, baina herririk herri be badira aldaeratzat hartu daitezkeenak. Doinuak ere desberdinak dira, baina denak goxo-goxoak eta Gabonak iragartzeko euren herrietan elemento sinboliko moduan funtzionatzen dutenak.
Herri eta auzo guzti horietan mantendu izan da ohitura hori, eta, batzuetan bederatziurren osoa egiten dute; Gernikan, Ean eta Gautegiz Arteagan, esaterako. Beste herrietan, azken egunean ateratzen dira marijesiak kopla kantuan.