III. Jardunaldi antimilitaristak gaur hasiko dira
Hirugarren urtez, Jardunaldi antimilitaristak antolatu dituzte Gernikatik Mundurak, Gernika Gogoratuzek, Ideasurrek eta Astra Koordinadorak. Oraingoaan, bereziki, gerren izugarrikeriaren salaketa egingo dute jardunaldi horietan. Gaur hasiko dira, eta b...
Antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko III. Jardunaldietan hausnarketa eta topaketarako hiru eremu egongo direla azaldu dute antolatzaileek. Asmoa XX. eta XXI. mendeko gerren izugarrikeria salatzea dela diote, eta Astrak, horretarako, balio sinbolikoa duela kulturarako gizarte-sorkuntza lantegi gisa. Horregatik, kulturarako fabrika sozialean batuko dira hiru egunetan.
Hiru egunetan
Jardunaldiek ondorengo leloa izango dute : Gizateria ez dago babestuago armatuago egoteagatik, baizik eta garatuago egoteagatik. Beraz, hiru egunetarako antolatu dituzten ekimenetan ideia horretan jarriko dute arreta. Gaur, esaterako, Gernika konprometitu baten alde nola eragin daitekeen aztertuko dute. Hedabideak eta laguntza humanitarioa izango dute hizpide, eta, horretarako, Iruña Harrera-Hiria herri ekimeneko Xabi Jaso eta Ekialde Hurbilean Freelance kazetaria den Ane Irazabal gonbidatu dituzte.
Bihar, oroimena egiteko tartea hartuko dute. Hala, CEAR-Euskadik eta Gernika Gogoratuzek bideratutako Memoria partekatuak proiektua ekarriko dute Astrara. Polonian exiliatu behar izan zuen Igor Palomero eta Siriatik heldu diren Nawal Youseff eta Ayaz Miran bi errefuxiatu kurdu ariko dira hizketan.
Barikuko eguna, bestalde, salaketarako eguna izango da. Gerrarik ez! da hiru eguneko jardunaldien oinarrietako bat, eta XXi. mendeko gerra berrien analisia egingo dute etzi.
Katalunyako Bakearen Nazioarteko Institutuko Tica Font eta Laguntza humanitarioaren logistika taldeko kide den Mikel Guridi izango dira barikuan Astran.