Energia eolikoaz ikasten, jokoan
Ibilbide bat eginez, 26 elementu ikusi ahalko ditu Madariaga Dorretxeko erakusketara bertaratzen denak. Jose Manuel Jimenezen asmakizunak biltzen ditu.Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak makina eolikoei buruzko oinarrizko kontz...
Ibilbide bat eginez, 26 elementu ikusi ahalko ditu Madariaga Dorretxeko erakusketara bertaratzen denak. Jose Manuel Jimenezen asmakizunak biltzen ditu.
Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak makina eolikoei buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen du, abendura bitartean ikusgai izango duten aldi baterako erakusketaren bitartez.Makina Eolikoak izenburua hartzen du Madariaga Dorretxearen lehenengo solairuan kokatuta dagoen erakusketak. Ingenios Eolicos liburuan deskribatzen diren eraikuntza proposamenak jasotzen ditu aldi baterako erakusketa horrek. Bisitariek, guztira, 26 elementu izango dituzte ikusgai, eta bakoitzak bere informazio taula du ondoan, argibide guztiekin. Asmakizun guztien egilea Jose Manuel Jimenez Super da.
Elementu horiek jolasteko eta esperimentatzeko aukera ematen dute, batetik; eta, bestetik, energia eolikoarekin lotutako oinarrizko kontzeptu batzuk ikasteko aukera ematen dute.
Bisitariek ibilbide bat aurkituko dute: lehenengo, paperezko eta kartoi meheko haizagailuekin jolasteko gonbidapena egiten du erakusketak; ondoren, kometak egin eta horiek hegan jartzen ditu. Horren ostean, jostailuak eraiki eta energia eolikoaren bitartez, efektu bitxiak egiten dituzte; haizea ezagutzen, baloratzen eta neurtzen ikasten da horien bitartez. Azkenik, makina eoliko batzuk egiten ditu erakusketak, haizearen indarra energia mekaniko eta elektrizitate bihurtzeko.
Bioeraikuntzan aditua
Super (Basauri, 1965) Eguzki asmaskizunak eta asmakizun eolikoak liburuen idazlea da. Autodidakta da, eta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin harremana duten gaietan eta bioeraikuntzan eta energia berriztagarrietan aditua da. TIA (Ordezko Ikerketa Lantegia) elkartearen zuzendari eta fundatzaileetako bat da. Elkarte horren bitartez, energia berriztagarriak zabaltzeaz arduratzen dira, besteren artean.
Egun, jasangarritasunerako eta teknologia egokietako aholkulari modura lan egiten du Jimenezek, eta mota horretako gaien sustapenean laguntzen ibiltzen da erakunde desberdinekin.Bere etxebizitza ere berak eraiki du. «Eraginkortasun energetikoaren garapeneko agentetzat» hartzen zaio.