Elizako harribitxia estreinatzen
Ibarrangeluko San Andres elizako organoa zaharberrituta, organo kontzertu berezia eskaini zuten domekan Benantzi Bilbaok eta Javier Artigasek. Eliza bete jende batu zen110 urte bete ditu aurten Ibarrangeluko San Andres elizako organoak, eta urteurrena ...
Ibarrangeluko San Andres elizako organoa zaharberrituta, organo kontzertu berezia eskaini zuten domekan Benantzi Bilbaok eta Javier Artigasek. Eliza bete jende batu zen
110 urte bete ditu aurten Ibarrangeluko San Andres elizako organoak, eta urteurrena borobiltzeko guztiz zaharberritu dute.Bi urte inguru iraun du zaharberriztatzeak eta emaitza domekan ikusi zuten San Andres elizara bertaratutakoek. Benantzi Bilbao eta Javier Artigas organo jotzaileek erakustaldia eman zuten ikusleen gozamenerako.
Aurretik Mario Izeta Bilboko Gotzainak eman zuen meza. Atsedenaldi labur baten ostean, organoaren zaharberritzearen inguruko informazioa eta azalpenak eman zituzten udalerriko Ander Deuna talde parrokialeko kide batek eta Benantzi Bilbaok.
Europan bakarrenetarikoa
Besteak beste, inguruko zenbait herrietako organoekin konparatu eta horien arteko aldeak zehaztu zituen Bilbaok.
Halaber, nabarmendu zuen Ibarrangelukoaz gain, Erregistro Arpa duten beste bi baino ez daudela Europa osoan, Etxalarren bata (Nafarroa) eta Ecijan (Sevilla, Andaluzia, Espainia) bestea.
Jarraian, eliza bete jende zegoela ekin zioten kontzertuari. Saioan sortzaile ezagunen doinu ederrenetarikoak jo zituzten. Esaterako,Gioacchino Rossiniren La gazza ladra, Paul Benoiren Noël basque, Ludwig van Beethovenen Adagio für díe Flötenuhr Wo 0 33/1 eta Jesus Guridi Iraolaren Variaciones sobre un tema vasco (Itxasoa) eta El Caserio lanak egon ziren entzungai.
Gainera, bisita gidatu berezia egiteko ere aprobetxatu zuten eguna. Izan ere, San Andres elizako organoa eta ganga polikromatu ikusgarria ikusteko Lagatour turismo jasangarria enpresak urte osoan zehar egiten ditu bisita gidatuak, eta herenegungo hitzordu garrantzitsuan bisita egitea erabaki zuten.
Eliza ikusgarria
Berezi egiten duten arpa erregistroa duen organo erromantikoari eta egurrezko ganga polikromatuari esker da ezaguna Ibarrangeluko San Andres eliza. XV. eta XVI. mendeen artean eraikia da, eta ondare garrantzitsu bezain ikusgarriak gordetzen ditu barruan.
Organoak hamahiru erregistro ditu, tartean, Voz Humana, Pajaritos eta Arpa. Bere kanpo-kontsolak 56 notako bi esku-teklatu dauzka eta 27 notako oin-teklatu bakarra. Era beren, erregistroak eragiten dituzten hamahiru palanka ere baditu.
Zaharberritze lanei dagokioenez, arpa herritik kanpo ekarri dute bere onera, baina, lanetako batzuk lekuan bertan egin dituzte, lekualdatzearen ondoriozko hezetasun arazoak ekiditeko.
Lanak hiru fasetan egin dituzte. Lehenengo, Suitzara eta Bartzelonara (Herrialde Katalanak) eraman zuten arpa eta makina neumatikoa, bertan, espezializatutako tailerretan konpontzeko. Gero, zaharberrituriko elementu guztiak Ibarrangelura ekarri zituzten, eta azkenik, egoera txarrean edo zatiren baten faltan zeuden elementuen berregitea.