Egurrezko ganga polikromatu ikusgarria du Ibarrangeluko San Andres elizak.
GEA Ikerketa Geobiologikoen Elkarteari lotuta
Bioeraikuntzaren Adiskideak taldea sortu zen Euskal Herrian eta hiruhilabete bakoitzean topaketa ezberdin bat antolatzen da, bioeraikuntzaren inguruko gai baten inguruan.
Topaketaketak Euskal Herriko herri ezberdinetan antolatzen dira eta interesa duen edozein herritarri irekita daude; ez dago GEA-ko bazkide izan beharrik parte hartzeko.
Zapatuan Ibarrangeluko kultur etxean elkartuko dira, 10:30etatik aurrera. Lehendabizi elkartearen eta topaketaren aurkezpena egingo dute, eta bertan bildutakoek iradokizunak egiteko aukera izango dute.
Ostean, 11:00etan hasita,
Egurrezko egiturak ondare historikoaren ikuspuntutik izenburupean hitzaldia emango du Josu Tellabideak.
14:00ak aldera bazkaltzeko geldialdia egingo dute. Norberak eraman behar du bazkaria, baina, antolatzaileek azaldu dutenez, Ibarrangelun San Andres jaien ospakizunak egongo dira, beraz, partaideek ez dute arazorik izango bazkaltzeko.
Gero, 16:00ak inguruan udalerriko San Andres eliza bisitatzeko asmoa dute antolatzaileek, bertako egurrezko ganga polikromatua ikusi eta aztertzeko.
Halaber, autoeraikitzen dabiltzan lastozko etxe bat ere bisitatuko dute, eta zaharberritzear dagoen baserri baten dolarea ere ikustera joango dira.