Kiroldegiko abonatuek %5 gehiago ordainduko dute datorren urtean
Bermeoko Udalak 2016. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu. OHGZn eta Trakzio Mekanikoen Ibilgailuen Zergan familia ugariek izaten dituzten hobarietan zenbait aldaketa onartu dituzte olaia zabalondoBermeoko Udalak 2016. urterako ordenantza fiskalak...
Bermeoko Udalak 2016. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu. OHGZn eta Trakzio Mekanikoen Ibilgailuen Zergan familia ugariek izaten dituzten hobarietan zenbait aldaketa onartu dituzte olaia zabalondo
Bermeoko Udalak 2016. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu, bai eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatukoak eta Kirol Patronatukoak ere. Igoera bakarra, Kirol Patronatukoa izango da. 2016an, kiroldegiko abonatuen tasan %5eko igoera aplikatuko dela azaldu dute.Kirol Patronatuak «kalitatezko» zerbitzua emateko apustua egiten duela diote, eta zerbitzu guztietan goreneko maila eman beharra daukatela uste dute: «Orain arte materialak, txirrinduak, tapizak…aldatu barik egon dira, eta aurten aldatu ahal izan ditugu. Beste herri batzuetako kiroldegietako prezioekin alderatuta, Bermeokoa merkeena da. Abonatua den familia batek urtean 9 euro gehiago ordainduko ditu. Erabiltzaileak, gainera, pozik daude ematen dugun zerbitzuarekin».
Onurak ere izango dira; esaterako, datorren urtetik aurrera, guraso bakarreko familiek %15eko hobaria izango dute. Bestalde, bermeotarrak ez diren kanpoko erabiltzaileek eguerdian kiroldegira «merkeago» sartu ahalko dute, %25eko hobaria izango baitute.
Gainontzeko proposamenekin ados badago ere, abonatuen prezioa igotzeko erabakiaren «ez da ados» agertu EAJ: «2011. urtetik ari gara prezioak igotzen, bost urtetan %28 igo da».
«Bidezko» igoera
Izartu eta Guzanen arabera, «bidezkoa» da igoera, «ematen den zerbitzua eta kalitatea» zelakoa den ikusita. Gainera, alderdi guztiek begi onez ikusi dute guraso bakarreko familientzako proposatutako hobaria.
Gizarte Ongizate Patronatuaren tasak eta zergak bere horretan geratuko dira 2016. urtean.
Bermeoko Udalaren tasetan, baina, zenbait aldaketa izango dira. Trakzio mekanikoen ibilgailuen gainerako zergan, kide ugariko familieek hobariak izango dituzte: kategoria orokorrekoek %50, eta kategoria berezikoek, berriz, %75. Gainontzekoek, berriz, igoera txiki bat izango dute datorren urtera begira, 0,08 puntukoa, hain zuzen ere.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHGZ), bestalde, kide ugariko familiek dituzten hobarietan aldaketak izango dira: Orain arte 28.000 euro baino gutxiagoko errenta zituzten familiek hobariak zituzten. Oraindik aurrera, errentaz gain, egoera soziala ere kontuan izango da. Hirukide kide ugariko familien federazioagaz adostutako proposamena dela azaldu dute.
Bestalde, EAJk 2016. urterako zergak, tasak eta prezio publikoak adosteko negoziaketa prozesuan aurkeztutako bi proposamen onartu dituzte; horiek herriko jarduera ekonomikoa indartzeko neurriak jarri zituzten mahai gainean. Hala, Alde Zaharrean zabaltzen dituzten negozio edo jarduera berriei, bai obra lizentziaren tasan, eta bai jarduera lizentziaren tasan ere, %50eko hobariak ezartzea onartu dute. EAJko Aritz Abaroaren esanetan, «azken urteetan beste herri batzuetan emaitza onak eman dituztelako aurkeztu ditugu proposamen horiek, eta Bermeon ere funtzionatu ahal duela uste dugu».