
Etxebarria, Barredo, Mintegia eta Bilbao
Zinemaldian estreinatu ostean, bidea egiten ari da Jai Alai Blues film luzeak. Oihartzun handia izan du komunikabideetan, eta
zinema aretoetara heldu zen azaroaren 6an. Orain, berriz, Goya sarietarako zortzi ataletan jaso dute pelikularen izendapena.
Pelikulako argazki zuzendari Zigor Etxebarriak azaldu duenez, eurenlana sarietara aurkeztu dute, eta zortzi ataletan onartu dute. Dena den, hautagaitzarik lortzea zaila dela aitortu du: “Zure lanaren promozioa egin behar duzu, ikusgarri egin.. eta horretarako aurrekontu handia behar da”. Aukeren artean, film dokumentalik onenaren hautagaitza ikusten dute hurbilen egileek.
Atal bakoitzean lau lan hautatuko du epaimahaiak sarietarako.
Gorka Bilbao da zuzendaria, eta Berde Produkzioak ekoiztetxeko Zigor Etxebarria, Hannot Mintegia eta Jose Luis Barredo izan ditu ondoan pelikula egiteko. Zesta puntaren historia jasotzen duen film dokumentalak kirol horren
goia eta gainbehera kontatzen du. Zesta-puntaren goia eta bluesa. Urrezko garaiak eta dekadentzia. Izan zena, badena eta izan daitekeena. Pilotarien, enpresarien eta artekarien ikuspuntuak ere jaso dituzte filmaren egileek, XX. mende hasieran mundu zabalean hedatu zen herri kirolaren nondik norakoak ulertarazteko.
Izendapenak
Pelikularik onena: – Produkzioa: Berde produkzioak (Zigor Etxebarria, Jose Luis Barredo); ETB, Euskaltel.
Musika originalik onena: Ager Insunza
Muntaiarik onena: Hannot Mintegia, Gorka Bilbao.
Film dokumentalik onena: – Produkzioa: Berde produkzioak (Zigor Etxebarria, Jose Luis Barredo); ETB, Euskaltel.
Zuzendari berri onena : Gorka Bilbao Ramos.
Gidoi original onena: Gorka Bilbao Ramos.
Argazki zuzendaritzarik onena: Zigor Etxebarria, Gaizka Bourgeaud.
Soinurik onena: Iñigo Egido, Xabier Agirre.