Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa proiektuaren barruan egindako azterlanean Euskadin dauden ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak ikertu dituzte.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen Garapen Jasangarri eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak egin du ikerketa. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute egitasmoan.
Urdaibai Biosfera Erreserba bisitatu dutenek “positiboki” baloratu dute ingurune babestua bera. Inkestan jaso dutenez, dibertsitate naturala zaintzeko betetzen duen “eginkizun garrantzitsuari” eta eskaintzen dituen “askotariko zerbitzuei” esker dute ikuspegi baikor hori.
Halaber, Urdaibaik eskaintzen dituen aisialdiari loturiko zerbitzuak, eta paisaia bera ere positiboki ebaluatu dituzte.
Izan ere, aisialdiko zerbitzuei dagokienez, azpiegitura eta jarduera eskaintza zabala dago: Euskadiko Biodibertsitate zentroa, Urdaibai Bird Center, AZTI ikerketa institutua, museoak, baserri eskolak, oinez zein bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak, itsasontzietan txangoak… Natur- eta kultur-balio garrantzitsuez gozatzeko aukera paregabea dago, eta askotariko kirol jarduerak praktikatzeko leku pribilegiatua da. Gainera, Urdaibai Biosfera Erreserban lehorreko nahiz itsasoko ekositemen ikerketa ugari egiten dituzte.
Urdaibaiko paisaia ere gustuko dute bisitariek, eta besteak beste, zehaztu dute erlaxatzeko eta inspiratzeko aproposa dela.
Ongizatearekin loturiko zerbitzuak
Bestalde, babesturiko ingurune natural honek bertako biztanleen ongizateari laguntzen dieten zerbitzu onuragarriak ere aipatu dituzte azternalean.
Urdaibaik eta haren barneko ekosistemek hiru zerbitzu mota eskaintzen dituzte; hornidura, erregulazio eta kultur zerbitzuak dira.
Hornidura zerbitzuen artean elikagaien ekoizpena, ur garbia eta egurra daude. Halaber, erregulazio zerbitzuen artean, besteak beste, ingurumena uholdeetatik babestea, klima erregulatzea eta higadura kontrolatzea daude. Azkenik, kultur zerbitzuen artean aisia, erlaxatzeko eta ikerketarako aukerak, jakintza tradizionalari eustea eta jabetza sentimendua daude.
Iosu Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak zehaztu duenez, Urdaibai Biosfera Erreserbak biodibertsitatea mantentzeko giltzarri diren gune edota elementuak ditu. “Esaterako, Gernika eta Mundaka arteko itsasadarra, Lagako dunen sistema edota artadi kantauriarra zein haren ibaien sarea”. Ekosistema horiek guztiak
Red Europea Natural 2000 egitasmoan aitortuta daudela azaldu du Madariagak.