
Karlos Gorrindo
11 lan kaleratu ditu Karlos Gorrindo idazle gernikarrak.
Ezpainak arrainak bezala da argia ikusi duen azkena, eta kultur etxean egingo du aurkezpena bihar, 19:30ean. Harremanak oinarri, bizitzaren hainbat arlo landu ditu Gorrindok bere azken eleberrian: Amodioa, maitasun eza, lagunarteko harremanak, lankideekin sortzen direnak, gurasoekin… Istorio bakarretik sortutako beste hainbat dakartza.
HITZAk elkarrizketa egin dio, eta biharko egunkarian kaleratuko du. Liburuaren protagonista nagusia kazetaria dela azaldu du egileak, eta haren hausnarketak eta sentimenduak lehen pertsonan agertzen direla. “Istorio hau bikote gazte baten desamodio istorio bat da, baina ez hori bakarrik; beste hari batzuk ere badaude, artearekin lotuta daudenak”. Eskulturaren munduan ere sartuko du Gorrindok irakurlea, eta liburuan, bigarren mailako protagonista izan zitekeena ere lehen mailakoa bilakatzen dela azaldu du. “Artistak irakatsi egiten dio kazteariari artea ulertzeko modu ezberdinak badaudela…. Ikasbide horretan beste harreman batzuk sortzen dira, nahiko sakonak, eta korapilatu egingo da artista horrekin duen lan harremana. Era berean, bestelako istorio bat ere sortzen da, ETArekin zerikusia duena, eta ia bi kapitulu ditu pasarte horrek. Horietan lotura egiten da: ETA, artea, gurasoak eta horiekin duen harremana…”. Amaiera irakurlearentzat gorde nahi du Gorrindok; dioenez, “istorioak duen bilakaerak ematen diolako tentsioa nobelari, eta irakurlea lotuko du”.