
Roberto Uriarte
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriarte bermeotarrak dimisioa eman du, Podemosen Espainiako Estatuko zuzendaritzarekin dituen «desadostasunengatik». Uriartez gain, beste 19 zuzendaritzakidek ere aurkeztu dute dimisioa, alderdiaren «politika aparatuzalea» salatzearekin batera.
Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasi bidali dion gutun baten bidez utzi du kargua bermeotarrak. Uriartek eskutitzean dio Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako zerrenden osaketarekin egin duela gainezka, baina atzean arrazoi gehiago ere badirela; tartean, Podemosek Madrilen duen diskurtsoa Euskal Herrian txertatzeko zailtasuna.
Atzo Bilbon egindako agerraldian Uriartek adierazitakoaren arabera, EAEko Ahal Dugu beti izan dela «leiala» Pablo Iglesiasek zuzentzen duen proiektuagaz. Hala, ez diote egoeraren ardura berari egozten, eta berak zuzentzen duen aldaketa proiektua babesten jarraitzen dutela esan zuen.
«Arazoa» Uriarteren aburuz, alderdia aparatu bat garatzen hasi dela da, eta «ez dute aparaturik gura»; izan ere, «aparatuzalea den jendea da Podemosen soberan dagoena». Podemosek «iturri garbia izan behar du», esan zuen.