
Egun osoan zehar egon ziren ikusgai rallyko autoak.
Jendetza batu zen zapatuan Dakar Festan, Kortezubin. Goizean moto zein autoetan ibilbide desberdinak egin zituzten bertaratutakoek, eta eguerdirako jai giroa nagusi zen.
Eguerdian herri kirolen erakustaldiagaz gozatu zuten, eta bazkaldu aurretik Irene Caminok
bike trialean duen abilezia agerian utzi zuen, ikusleak aho zabalik utzita.
Halaber, zenbait rally auto eta 2016ko Dakarrera Txomin Aranak eroango duen motorra ere bertan izan zituzten erakusgai egun oson zehar. Asko ibili ziren haien inguruan, adi-adi ibilgailuak banan-banan aztertzen.
Bazkaritan 400 lagunetik gora elkartu ziren Kortezubiko frontoian.
Bapo bazkaldu ostean, Gor Sport Dakar 2016 aurkezpena egin zuen Aranak Gernika Off Road-eko kideekin batera.
Aurtengo Dakarreko esperientziaren errepasoa egin zuen pilotu ereñarrak, eta 2016ko Dakarrerako zelan prestatzen ibili den eta zein asmo dituen kontatu zuen ekitaldian.

Umeentzako parkea egon zen arratsaldean.
Aurkezpenaren hasieran laguntza ematera hurlbildu ziren guztiei eskerrik beroenak eman zizkieten.
Aranak adierazi zuen aurreko urtean baino hobeto prestatu duela proba, eta lesio txikiren batzuk izan dituen arren, denboraldia oso ondo joan dela, eta gustura eta gogor sentitu dela kontatu zuen.
Moto berria probatzen
2016ko Dakarrerako Husqvarna markako (KTM-ren filiala) moto berria estreinatu du dagoeneko Aranak. Orain dela bi aste Zaragoza aldean (Espainia) ibili zen motorragaz entrenatzen. 250 bat kilometro egin ditu Monegrosen, eta sentsazio nahiko onak izan dituela dio: “Aurreko Yamaha ere eroan nuen, biak probatzeko eta konparatzeko. Egia esan Yamaha oso moto ona da, eta gustura ibili nintzen, baina, oraingoan apustu berria egin dugu eta nik uste dut moto ona dela eta zeresana emango dugula. Ahalegina egingo dugu eta ea aurrekoan bezala edo hobeto ibiltzen garen”.
Gernika Off Road-eko kideek gogoratu zuten, haiek humiltasunetik hartzen dutela proba, ezinezkoa baita beste pilotu ofizialen pare egotea, haiek baliabide ikaragarriak dituztelako.

Hala, gogoratu zuten lehenik eta behin helburua Dakarra amaitzea izango dela, eta horrekin batera, aurreko postua mantentzea lortzea, “eta hobetzen badugu askoz hobeto”.
Roman Mestraitua Gernika Off Road-eko presidenteak orain arte Yamahak emandako laguntza eskertu, eta egindako apustuak emaitzak onak ekartzea espero dutela esan zuen: “Halako erabakiak hartzea ez da erreza, baina, bizitzan arriskatu egin behar da eta apustu diferente bat egin dugu. Beste marka inportante bat da
Husqvarna, KTM-ren filiala da eta oso erreferentzi onak ditugu”.
Aranak, punta-puntako pilotuen alboan aritzea ohorea dela eta haiengandik asko ikasten dela azaldu zuen: “Turkiako rallyan Dakarren antzeko etapak ziren eta pilotu ofizialengandik eta punta-puntako pilotuengandik hurbil ikusten nuen neure burua. Marokon, ostera, ikusi nuen oraindik apur bat geratzen dela euren mailara heltzeko. Oso-oso azkar doaz, ez dakit ipintzen duten erritmoa jarraitzeko kapaz naizen Dakar oso batean”.
Baina, eurengandik ahalik eta hurbilen ibiltzeko ahalegina egino duela nabarmendu zuen: “Gehien baloratzen dudana da irteeretan eta helmugetan haiekin egotea. Punta-puntako pilotuak dira, eta haiengandik asko ikasten dela uste dut”.
Arratsaldean Dakarrerako proiektuaren aurkezpenaz gain, frontoiaren kanpoaldean umeentzako jolas parkean primeran pasatu zuten haurrek. Gainera, rally-ko simulagailu bat ere egon zen eta ume, gazte zein nagusien ikusmina eragin zuen.
Dantzan eta kantuan amaitu zuten Dakar Festa. Izan ere, eguna behar bezala borobiltzeko Dj Xaibor eta Dj Txaparronek girotu zuten frontoia.
