Busturialdeko herri eta auzoetan dena dago prest San Martin jaiak ospatzeko. Azaroan ere jaietan murgil daitekeelako, kalera aterako dira bertoko herritarrak festez gozatzera. Hain justu, Bermeon, Foruan eta Sukarrietako Kanala auzoan izango da sanmartinez gozatzeko aukera.
Datorren eguaztenean, hilaren 11n, ospatuko dute Euskal Herriko txoko ezberdinetan, San Martin eguna; hala ere, egun horren inguruan ere, egongo da zer egin.
Forua, ospatzen lehena
Forua izango da sanmartinak ospatzen lehen herria; biharko, etzirako eta eguaztenerako antolatu baititu ekintzak. Herritarrek arteko txapelketak nagusituko dira egun horietan, eta horietan denetan, onena nor den erakusteko aukera izango dute. Hain zuzen, igel txapelketan, tute, briska eta mus txapelketetan, karakol txapelketan, eta idi probetan zein aizkolarien arteko desafioan parte hartu ahal izango dute sanmartinetan Forura bertaratzen direnek.
Gainera, baserritar munduan murgilduko da Busturialdeko herri txikia. Testuinguru horretan, XIV. Nekazal azoka hartuko du Foruak. eta bertan, baserritarrek zein artisauek beraien produktuak salgai jartzeko aukera izango dute.
Kanala auzoa, berriz, eguaztenean bilduko da San Martin eguna ospatzeko. Sukarrietako auzoan, meza ostean, bazkaria jateko bilduko dira bertako bizilagunak, ohitura den legez.
Odoloste txapelketa
Bermeo izango da sanmartinei agur esaten azkena. Hilaren 15ean egingo dute aurten, San Martin azoka eta horren baitako odoloste txapelketa.
EGITARAUA:
BERMEO
Azaroak 15, domeka.
– 11:00etatik 15:00etara, XIV. San Martin azoka, Lameran.
– 11:00etan, XIV. Odoloste Txapelketa, Lameran.
FORUA
Azaroak 7, zapatua.
– 14:00etan, XI. Igel Txapelketa, Batzokian.
– Ostean, herri poteoa.
– 18:00etan, XXVII. Tute Txapelketa, Urdaibai tabernan.
– 18:00etan, idi probak, Foruko probalekuan. Duñabeitia (Kortezubi), Jon La Cruz eta Iturbe Anaiak (Arrieta) lehiatuko dira.
Azaroak 8, domeka.
– 11:00etan, Nekazal azokaren XIV. Edizioa, Elejalde auzoan, herriko udaletxearen ondoko aparkalekuan. Trikitilariekin girotuta eta baserriko animalien erakusketagaz.
– Jarraian, 36. karakol txapelketaren izena ematea. Baldintzak: kazolek 30 zentimetro izan beharko dituzte, gutxienez, eta 5 pertsonarentzako bestekoak izan beharko dira.
– 12:30ean, meza santua.
– 13:00etan, Urdaibai Dantza Taldeko gaztetxoen dantza ikuskizuna.
– 13:30ean, aizkolarien arteko desafioa. Parte hartzaileak: umetxoetan, Oier Belarra (Doneztebe), Julen Aldana (Forua) eta Iker Gomez (Bermeo); nagusietan, Aritz Irazabal (Ugao) eta Igor Duñabeitia (Foru).
– 14:30etan, karakol kazolen aurkezpena.
– 18:00etan, XX. Mus Txapelketa, Urdaibai tabernan.
Azaroak 11, eguaztena, San Martin Eguna.
– 12:00etan, meza nagusia, Tourseko Martin Deuna elizan. Ostean, salda eta odolosteak.
– 17:30ean, XXVIII. Briska Txapelketa (kanporaketa aretoan, eta finala Batzokian). Ostean, txerri zozketa, Batzokian.
SUKARRIETA (KANALA)
Azaroak 11, eguaztena.
– 12:30ean, meza ermitan.
– Eguerdian, bazkari herrikoia, Jatetxe jatetxean. Erretiratuei Sukarrietako eta Gautegiz Arteagako Udalak ordainduko die bazkaria.