2010eko Kontxako bandera irabazi ostean Bermeon egindako harrera.
Astelehenean hasi zen Estrobo auzia-ren epaiketa Bilboko Zigor Auzitegian, eta gaur amaituko dituzte ahozko saioak.
2010ean arraunlarien errendimendua hobetzeko helburuagaz, Urdaibai taldean “dopin sare bat” antolatzea leporatzen diete hamar auzipetuei. Garai hartako presidente Josu Zabalondo, Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Borja Garai medikua eta Arantza Ormaza erizaina epaitzen ari dira, beste sei pertsonagaz batera.
Horientzat guztientzat fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du. Osasun publikoaren kontrako “etengabeko delituagatik” zigor hori merezi dutela uste du Fiskaltzak. Gainera, orduko medikuarentzat urtebete gehiagoko zigorra eskatu du, dokumentuak “faltsutzeagatik”.
Asteleheneko saioan akusatuek eta 2010ean Bou Bizkaia-ren arraunlari zen babespeko lekuko batek deklaratu zuten.
Garaik, Zabalondok, Ormazak, Franciscok eta Maynarrek leporatzen dizkieten akusazioak ukatu zituzten. Baita gainontzeko inputatuek ere, Teresa Mesak izan ezik.
Mesa botikaria da Kordoban, eta, besteak beste, azaldu zuen substantzia dopatzailez beteriko hiru fardel bidali zituela Bermeora Zabalondoren izenean.
Babespeko lekukoa
Besteak beste, babestutako lekukoak adierazi zuen egunero entrenamenduen ostean, “zortzi bat substantzia” ziztatzen zizkietela, zainetan, sorbaldan, tripan, ipurdian etab.
Entrenatzaileak eta erizainak jartzen zizkietela azaldu zuen. Behin txarto sentitu, eta ziztada gehiagorik ez zuela nahi jakinarazi omen zien, eta ordutik taldetik aparte utzi zutela.
Akusatuen ostean lekukoen deklarazioak entzun ditu epaileak astean zehar.
Martitzenean, 2010ean Urdaibain egon ziren hamalau arraunlarik deklaratu zuten. Guztiek dopatu izana ukatu zuten.
Medikuak eta erizainak “suspertzeko bitaminak” injektatzen zizkietela adierazi zuten, eta sekula ez zainetan. Halaber, egunero zortzi aldiz ziztatu izana ezeztatu zuten. Estropaden eta arraunlarien “errendimendu eta egoera fisikoaren” araberako ziztadak zirela adierazi zuten zenbait lekukok.
Medikuarengan konfiantza osoa zutela eta hartutako substantziak zeintzuk ziren zehatz ez zekitela esan zuten. Hala, zenbait arraunlarik zehaztu zuten beste klubetan ere ziztatzen zituztela.
Eguaztenean beste lau arraunlarik eta ikerketa egin zuten lau guardia zibilek hartu zuten hitza. Arraunlari horiek aurrekoen bide beretik jo zuten.
Guardia zibilek ikerketaren nondik norakoak azaldu zituzten. Klubak “trabak” ipini zizkietela eta delituzko-erakunde baten antzera jardun zuela kontatu zuten, adibideak emanez.
Atzo perituen txanda
Atzoko saioan perituek hitz egin zuten. Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziako (AEPSAD) kimikari batek hark egindako adituen txostena azaldu zuen.
Substantzia batzuk debekatuta zeudela, eta beste batzuk kirolariengan kalteak eragin ditzaketela esan zuen. Substantzien ezaugarriak eta eragin ditzaketen ondorioak zehaztu zituen.
Bestalde, errendimendu altuko kirol medikuntzan aditua den peritu batek adierazi zuen antidopin kontroletan “tranpak” egin daitezkeela EPOa ez antzemateko.
Gaurkoa izango da azken saioa, eta epaiaren zain geratuko da. Gaur parte guztiek haiek egindako txostenak aurkeztuko dituzte.