
Mursego/ Mr. Duck
Gernika-Lumon hasiko da aurten Udagoieneko ostera. Hamasei urtez udazkenero antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera, eta bost emanaldi prestatu ditu aurten euskarazko kultur zirkuiturako.
Bariku honetan egingo dute lehen ekitaldia, eta Kalakan musika taldeagaz solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek, Astran, 18:30etik aurrera. Zuzeneko emanaldia, aldiz, zapatuan izango da. Kalakanekin batera, Mursegok ere kontzertua emango du Lizeo antzokian, 20:30ean hasita. Sarrera 8 euro ordaindu beharko da.
Gernika-Lumo utzita, Balmaseda, Muskiz, Bilbo eta Leioara helduko dira udazkeneko emanaldiak. Hutsa-Demode Quartet, Benito Lertxundi, Libe-Sorkun eta Oreka Tx izango dira antzokiak beteko dituztenak.
Aurten egingo duten osterarako bi hitzaldi antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Bilbon izango da bigarrena, hilaren 25ean, eta Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin solasean aritzeko parada izango dute parte hartzaileek. Ken Zazpi taldearen abeslaria da Elorrieta, eta hil honetan aurkeztuko du Busturialdeko talde horrek bere azken lana.