Boluntariotza jardunaldi bat egingo dute Arranotegi errekan, zapatuan
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak boluntariotza jardunaldia antolatu dute zapaturako. Hain zuzen ere, Arranotegi errekaren iturburuak berreskuratzeko jardunaldia izango dela azaldu dute. Izan ere, urte askotarako luzatzea espero duten proiektua abiaraziko dute zapatuan, udalak eta Lurgaia Fundazioak.
RN 2000 Urdaibaiko ibai-sareen Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) baitako erreka da Bermeoko Arranotegi. Lurgaia Fundazioaren arabera, aipatu errekak, babesa behar duten hainbat espezie hartzen ditu. Landaretzari dagokionez, ur-bazterreko basoa eta baso nahasia ditu. Bestalde, mehatxatuta dauden zenbait espezie ere aurki daitezke bertan, baso-igel iberiarra eta iratze paleotropikalak, besteak beste.
Zapaturako duten helburu nagusia, ur-bazterreko basoetan ugaria izaten den krokosmia espezie inbaditzailea errotik ateratzea da: «Erreka honetan leku ugaritan aurki daiteke, eta arriskuan jartzen dute bertoko landaredia».
Ezinbestekoa da izena ematea
Zapatuko boluntariotza jardunaldian parte hartu gura duten horiek derrigorrezkoa izango dute aurretiaz izena ematea info@lurgaia.org-ra mezu bat bidalita.
Egun osoko jardunaldia izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. 09:15etan jarri dute hitzordua antzinako Jose Done ikastetxeko aparkaleakuan. Handik autoetan mugituko dira ekintza guneetara.
Beharrezkoa den material guztia Lurgaia Fundazioak jarriko du.