
580 parte hartzaile izan zituen Millak
580 parte hartzaile inguru izan ditu Gernika-Lumoko XXXI. Millak. Eskola umeen artean ezaguna den lasterketa horretan, ehunka izan dira aurten ere Artekale kalean lasterka ibili direnak. Gernika Atletismo taldeak hartu du azken bi urteetan froga herrikoia antolatzearen ardura, eta emaitzarekin pozik daudela azaldu du taldeko Asier Odriozolak. Dioenez, atletismoa ezagutzera emateko eta herritar denen eskura jartzeko aukera ematen du Gernika-Lumoko Milla herrikoiak. Konpetiziorik gabe, ume eta gazteen parte hartzea bultzatzen du lasterketa horrek. Hala ere, nagusien artean parte hartzea handitzea da taldearen helburua. “Profesionalentzat bakarrik ez, herritar denentzako ekimena izatea nahi dugu; herriko talde batek herritarrentzat antolatutako”. Atletismoa, beraz, edozeinen eskura dagon kirola dela erakutsi gura dute, eta datorren urtera begira berritasunen bat edo beste izan daitekeela zehaztu du Odriozolak. Hartara, herritarren parte hartzea bultzatu gura dute.
16:00etan kokatu zen umeen lehen taldea hasiera lerroan, eta zegozkien zirkuitua bukatuta, domina bana hartu zuten eskola umeek. Nagusien txanda azkena izan zen. Amaitzerakoan egin zuten sari banaketa. Nesken artean, Inma Ruiz gernikarra izan zen azkarrena, eta bigarren egin zuen Gernika Atletismo Taldeko Uxue Aurrek. Mutilen artean, Urdaitri Triatloi Taldeko Jabi Goitiak lortu zuen podiumaren gorengo lekua; Arrolapeko Imanol Goñik egin zuen bigarren, eta Gernika Atletismo Taldeko Mikel Goitiak hirugarren.
Aurtengo Millaren argazkiak
http://atletismogernika.blogspot.com.es/ webgunean eskuragarri izango dira laster.
Argazki galeria: