
Artxiboko irudia.
Partidaren luzapenaren azken segunduetan lortu zuen Talaverak berdinketa. Hala, hiru puntuen ordez puntu bakarragaz konformatu behar izan zuten gernikarrek.
Urbieta jendez bete zen atzo arratsaldean ere, eta bi taldeek ez zieten hutsik egin. Jokaldi bikain eta gol askoko neurketa izan zen, eta hori eskertu zuten harmailetan bildutako zaleek.
Etxeko taldeak kontrolpean izan zuen partida hasieratik. Lehen zatian ez zen egon gol aukera askorik, baina, argienak gernikarrenak izan ziren. Horiek aurkaria estutuz, presioan ondo asmatu zuten. Joko zuzena eginez zebilen Gernika, aurkariari min eginez, eta bitartean, Talavera jaurtiketa luzeekin nahi eta ezinean.
Gernika nagusi zen zelaian, eta 36. minutuan heldu zen norgehiagokaren lehen gola. Ander Larruzearen erdiraketa jasota, Entziondok egin zuen 1-0-koa. Jokaldi horretan Talavera jokalari bat gutxiagorekin zegoen, Pedro artatzen zebiltzalako.
Atsedenaldira heldu aurretik bigarren gola egiteko aukera garbia izan zuen Entziondok, baina, huts egin zuen.
Bigarren zatia hastean Talavera hobeto jokatzen hasi zen. Hain zuzen, Gernikaren areara gehien heltzen ari ziren momentuan heldu zen etxekoen bigarren gola. Aimarrek area ertzean baloia jaso eta eskuadratik gol ederra sartu zuen.
Talaverako jokalariek golaren bila jarraitu zuten, eta 68. minutuan Agudok egin zuen 2-1-ekoa. Zelairatu berri zen Valdiviaren pasea ondo aprobetxatu zuen Talaverako jokalariak. Hala ere, pozak ez zien askorik iraun, bi minutu beranduago Aimarrek sartu baitzuen etxekoen hirugarren gola.
Gaztela-Mantxako (Espainia) taldeak ez zuen partida osoan amore eman eta neurketaren azken minutuetan jaso zuen lan horren fruitua. 80. minutuan Christianek baselinaz gol bikaina sartu zuen. 90. minutua bete aurretik, Agudok berdinketaren gola egiteko aukera izan zuen, baina, ez zuen Altamira atezaina gainditzea lortu.
Gero, bost minutuko luzapena adierazi zuen epaileak, eta horiek beteta zirela, Christianek lortu zuen neurketa berdintzea.