
Argazkilaria: Txebi Arriaga.
Etxekoen aurrean beste garaipen garrantzitsu bat lortu zuen herenegun; 76-61 irabazi zion Uni Ferrol talde galiziarrari.
Hala, Emakumezkoen ligako sailkapenean hirugarren postuari gogor eusten dio talde gernikarrak. Perfumerias Avenida da liderra momentuz, eta Spar Citylift Girona da bigarrena.
Hain zuzen ere, sailkapeneko lehenengo hirurek orain arteko zazpi jardunaldietatik bakarra galdu dute, eta beste guztiak irabazi dituzte.
Herenegun bi taldeen joko bikainaz gozatu zuten Malosten bildutako zaleek. Etxekoen jokaldi bikainei gogor animatuz erantzun zieten zaleek.
Erritmo zein intentsitate handiko norgehiagoka izan zen. Gernikarrak ideiak argi eta errebotean nagusitasunez aritu ziren. Erasoko lanean zehatz eta defentsan oldarkor jokatu zuten.

Argazkilaria: Txebi Arriaga.
Aurkaria ondo aztertuta zutela igarri zen kantxan. Erasoan Vega bilatzeko zailtasun gutxigaz aritu ziren, eta defentsan Vanderwallek Suarez kontrolpean zuen. Etxekoak berehala hasi ziren jaurtiketak pilatzen. 7-2-ko markagailutik 21-9-kora pasatu ziren minutu gutxitan, eta 23-11 amaitu zuten lehen ordu laurdena.
Ondoren, Ferrol bere jokoa egiten asmatzen hasi zen. Batik bat Sanchezen lanari esker puntuak pilatzea lortu zuen. Hala ere, 11 puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 38-27.
Atsedenalditik bueltan Gernika Bizkaiako jokalariak apur bat trabatuta zeudela ondo aprobetxatu zuten aurkariek, eta bi taldeen arteko aldea nabarmen murriztu zen: 55-52.
Hala ere, etxekoen erantzuna berehala heldu zen. Besteak beste, Llorentek estu hartu zuen Hammond Ferrolgo jokalaria, eta Edwardsek erasoan oso ondo asmatu zuen.