Zabalondo 2010ean, Kontxa irabazi ostean, Donostiako portuan.
Bilbon epaituko dituzte, eta ahozko saioak barikura bitartean izango direla aurreikusi dute, goizez zein arratsaldez.
2010ean arraunlarien errendimendua hobetzeko helburuagaz, Urdaibai taldean “dopin sare bat” antolatzea leporatzen diete auzipetuei.
Hain zuzen ere, garai hartako presidente Josu Zabalondo, Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Borja Garay medikua eta Arantza Ormaza erizaina epaituko dituzte, beste sei pertsonagaz batera.
Horientzat guztientzat fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du. Osasun publikoaren kontrako “etengabeko delituagatik” zigor hori merezi dutela uste du Fiskaltzak. Gainera, orduko medikuarentzat urtebete gehiagoko zigorra eskatu du, dokumentuak “faltsutzeagatik”.
Bestalde, auzi honen barruan dauden bi mediku eta bi erizainentzat inabilitazio eskaera egingo dio Ministerio Publikoak epaileari, “debekaturiko substantziak kirolariei emateagatik”.
Itxaronaldi luzea
2010.urtean Kontxako banderaren ostean (Urdaibaik irabazi zuen), Jose Luis Korta Kaikuren entrenatzaileak arraunlariak “dopatu” izana leporatu zien. Salaketa horren aurrean, Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen.
Denboraldi horretako klubaren zuzendaritza taldearen jarduna aztertu gura izan zuen. Zabalondok, Franciscok, Garayk eta Ormazak, debekatutako substantziak “eskuratu eta arraunlariei ematerakoan” elkarlanean jardun zutela ondorioztatu zuen Fiskaltzak ikerketa amaitu ostean. Ondorio horretan zehaztu zuen substantzia horiek arraunlarien gaitasun fisikoak “hobetzeko helburua” zutela, horien osasuna “arriskuan” jarriz.