Bermeoko EAJk auzo bideetako segurtasuna handitzeko eskatu dio udalari
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) herriko auzoetako bideetako segurtasuna handitzea proposatu dio udalari. Auzo ezberdinetako bizilagunen eskariak entzun ostean egindako eskaera dela azaldu dute jeltzaleek.
Auzoetara doazen errepideetako segurtasuna handitu asmoz, marrarik margotuta ez dituzten auzo bideetan marra horiek margotzeko eskaera egin du EAJk azken bi lurgintza batzordeetan.
Jeltzaleen arabera, batez ere, auzorik gorenetako bizilagunen kezka da: «neguan behe lainoa sartzen denean, auzo horietan ikuseremu eskasa egoten baita. Kontuan izatekoa da, gainera, gure orogrofia zein malkartsua den».
Gauzak horrela, behe lainodun egunetan, gauez edota beste edozein egunetan, «gidariari bidearen zabalera norainokoa den lagunduko dioten» errepideko marrak margotzeko proposamena egin dute EAJkoek. Horien arabera, neurri hori hartuta ezbehar bat baino gehiago ekidin daiteke.