180 parte hartzaile izan ziren iaz
Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindulari taldeak antolatutako kirol jarduera 11:00etan hasiko da, eta ohi legez, Burujabetasun zelaian izango da. Izaera herrikoia eta soziala duen lasterketa da domekakoa. Adin guztietako herritarrak erakarri asmotan, sei lasterketa antolatu dituzte, adinaren arabera banatutakoak. Ordutegia hurrengoa izango da:
- LH 1. maila: 12:05ean.
- LH 2. maila: 11:50ean.
- LH 3 eta 4. mailak:11:30ean.
- LH 5 eta 6. mailak: 11:00etan.
- DBH 1, 2,3 eta 4. mailak eta nagusiak: 12:15ean.
Ordutegia modu horretan zehaztuta badute ere, iragarpenek euria ematen dute domekarako. Hortaz, euria egingo balu, lasterketak bata bestearen atzean izango liratekeela esan du Bermeo Txirrindulari taldeko kide Pedro Bilbaok, “talde bakoitzaren orduari itxaron barik, parte hartzaileak ez hozteko”. Burujabetasun zelaian prestatzen duten zirkuitoa umeei begirakoa dela diote antolatzaileek, hala ere, nagusien parte hartzea bultzatzen jarraitu gura dute, “nagusi gutxik ematen baitute izena”. Horregatik, aurten, txirrindulari profesional bat hurbilduko da Bermeoko ziklokros egunera, eta nagusiekin parte hartuko du lasterketan.
Aurreko urteetako modura, parte hartzaile bakoitzak bere kaskoa eroan beharko du, eta horren erabilera derrigorrezkoa dela aipatu dute antolatzaileek.
Ziklokroz egunean parte hartu gura duten ikasleek, ikastetxeetan eman beharko dute izena. Nagusiek, berriz, Araneko kiroldegian egin beharko dute. Izan ere, domekan bertan ezingo dela izena eman adierazi dute antolatzaileek. Izena ematerako orduan, parte hartzaile bakoitzari eskumuturreko bat emango diote, lasterketa egunean eroan beharrekoa. Nagusiek kiroldegian bertan hartuko dute, ikasleek, berriz, ikastetxeetan.
Lasterketa amaitzerakoan, edariak emango dizkiete parte hartzaileei, eta gura dutenek Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.