Udalkutxara dirua bueltatu beharra salatu du EH Bilduk
2015ean diru sarrerak %5 handitzea espero zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina 2014an baino %2,8 gehiago besterik ez du batu. Hori dela eta, desoreka du aldundiak aurrekontuetan; EH Bilduk azaldu duenez, desoreka hori 37 milioi euro ingurukoa da. Gaur, Gernikako Batzar Etxean egin duten osoko bilkuran, Bizkaiko udalerri bakoitzak bueltatu beharko duena gehiegizkoa salatu du EH Bilduk, eta desadostasuna agertzeko, kartelak atera dituzte koalizioko batzarkideek.
Diru sarrerekin Bizkaiko Foru Aldundiak ez ditu 2015erako aurreikuspenak bete eta, Josu Imanol Unanuek azaldu duenez, “orain udalek ordaindu beharko dute agintean daudenen kudeaketa txarra”. Busturialdeko 20 herriek, guztira, 1.793.810 euro bueltatuko diote aldundiari. Unanueren esanetan, gainera, dirua bueltatu beharrak estausun batean utziko ditu udal asko, eta aurrekontuetan eragina izango du. “Aurreikusitako jarduera eta proiektu asko burutu ezinik geratuko dira udalerriak”. Diru arazoak dituzten Bermeo, Elantxobe edo Errigoiti bezlako udalerriei bereziki kalte egingo diela esan du diputatuak.
EH Bilduren iritziz, fiskalitatea aldatu beharko luke Bizkaiko Foru Aldundiak, eta iruzurraren aurkako politika bultzatu. Diru sarreren desoreka konpontzeko aldundiak bestelako partida batzuetatik kendu dezakeela esan du Unanuek, herritarrei kendu beharrean.