Bermeoko portuko lurzoruak ezin izan dio eutsi uraren indarrari
Atzo arratsaldean itsasoak gainezka egin zuen bi puntutan, lurzoruan zuloak sorraraziz. Gaurko alerta horia ezarri du Segurtasun Sailak itsasaldi biziengatik olaia zabalondoItsas denboraleak hasi dira Bermeo astintzen. Beste behin ere, itsasoak kalteak...
Atzo arratsaldean itsasoak gainezka egin zuen bi puntutan, lurzoruan zuloak sorraraziz. Gaurko alerta horia ezarri du Segurtasun Sailak itsasaldi biziengatik olaia zabalondo
Itsas denboraleak hasi dira Bermeo astintzen. Beste behin ere, itsasoak kalteak eragin ditu Bermeoko portuan. Atzo arratsaldean, lurzoruak ezin izan zion eutsi uraren indarrari, urak gainezka egin zuen bi zulo sorrarazita. Itsasaldi biziak zeuden atzo. Gaurko ere, alerta horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.Atzo, 15:15 aldera, Bermeoko Portuko lurzoruak goraka egin zuen, «sabelak egiten duen modura gora, eta jarraian, behera egin zuela» zioen portuko tabernetako batean zegoen herritar batek. Orduan, urak gainezka egin eta lehenengo zuloa egin zuen. Minutu batzuk beranduago, berdina gertatu zen, portuko lurzoruan bigarren zulo bat sorrarazita. Bi zulo horien inguruko baldosak altxatuta geratu dira. Bermeoko udaltzaingoak, baina, segurtasun perimetroa ezarri zuen bi gune horietan.
Udaltzaingoak, gainera, edozein istripu ekidin asmoz, porturako sarbidea zarratu zuen ibilgailuentzako. Hala ere, portuan aparkatuta zeuden ibilgailuei irteteko aukera ematen zioten. Itsasgora bitartean erne ibili ziren. 16:16ean izan zen itsasgora, 4,9 metroko altuerarekin, baina itsasoak ez zuen kalte gehiago eragin.
Itsasaldi oso biziengatik eta 3 eta 3,5 metroko olatuengatik alerta laranja ezarrita zuen atzo arratsalderako Segurtasun Sailak. Hala ere, portuko erabiltzaileek goizaldeko itsasgoraren zain geratu ziren, «itsasoa oraindik gorago igo behar baitzen, ilargi betearen eraginez», zioten.
Euskalmeten arabera, gaurko ere marea biziak espero dira, batez ere, arratsalderako. Diotenez, olatuen altuerak behera egingo dute, eta kostaldeko inpaktua txikiagoa izan daiteke. Hala eta guztiz ere, alerta horia ezarri dute gaurko.