Elgoibarko 'Mausitxa' baserriko Jesus Ansola Juaristiren gazta izan da aurtengo Urriko Azken Asteleheneko onena.

Jose Mari Gorroñok eman dio saria Jesus Ansolari
3.700 euro ordainduta, Bilboko Mendata Berria jatetxeak erosi du hirugarren urtez jarraian Ansolaren gazta erdia.
Lehenengo aldia da sari hau jasotzen duzuena?
Ez, 2009an eta 2011n ere irabazle izan ginen, bigarren sari bi ere baditugu; 2005ean eta 2007an izan zirela esango nuke.
Zer suposatzen du zuentzat sari hau jasotzeak?
Sari guztiak dira onak, baina Gernika-Lumoko sari hau garrantzitsuagoa da. Bizkaian bezero asko ditugu, gazta asko ekartzen ditugu Bizkaira. Bizkaia mailan, gure izena komunikabide guztietan agertzeak publizitate ona egiten digu; ateak gehiago zabaltzeko balio digu sariak.
Gazta erdiaren prezioa asko jaitsi da iaztik, zer izan daiteke?
Horrek ez dauka zerikusirik gaztaiaren kalitatearekin, publizitatea egiteko modu bat baino ez da. Egia da, asko ordaintzen bada, deigarriagoa dela eta horrek ere izena ematen dizula. Hala ere, gaztagintzarekin zerikusirik ez duen aparteko gauza bat da enkantea.
Sekreturik ba al dauka zuen gaztak?
Egun, gaztagintzan ez dago sekreturik, nahiz eta, denok galdetzen duten gauza bera. Tekniko baten mende gaude ekoizle gehienak, eta harek agintzen diguna egiten dugu; beraz, sekreturik ez dago. Garai batean, sekreturik izango zelakoan egoten ginen, gaur, baina, ez.
Nolakoak izan dira salmentak?
Nahiko ondo joan dira. Gure kasuan, hala ere, ez da urterik onena izan. Kokatuta gauden tokiagatik izan daiteke, aurrekoetan baino urrunago gaude.
Zenbat gazta ekartzen dituzue Gernika-Lumora?
120 gazta inguru ekartzen ditugu, eta ea urtero gazta barik bueltatzen gara. Aurten, saria irabazi ez bagenu, gaztaren batekin bueltatuko ginateke, ziurrenik.
Mota honetako sariek lanean jarraitzeko indarrak ematen dituzte?
Poza ematen dute, bai eta indarra ere. Lana, lana da edozein lanbidetan. Gurea, baina, oso lotua da. Egunak pasatzen dira, eta egun librerik ez da izaten gure lanbidean. Barruko indar bat behar izaten da lanean jarraitzeko, bestela aspertu egiten zara. Sariek, hortaz, jarraitzeko indarra ematen dute.