Atzo 42-18 galdu zuten Alcobendas taldearen kontra Madrilen (Espainia), denboraldiko bosgarren jardunaldian.
Hain zuzen ere, denboraldi honetan etxetik kanpo jokatu duten hirugarren partida izan da talde madrildarraren kontrakoa. Halaber, orain arte Urbietan lehiaturiko bi partidetan garaipena eskuratu dute.
Atzoko lehian etxeko taldea hasierako minutuetatik gogor erasotzen hasi zen, gernikarren zelaian sartzeko oztopo gutxirekin. Intentsitate handiz zelairatu ziren etxeko jokalariak, eta hirugarren minutuan Santiago Fernandezek 3-0 jarri zituen aurretik madrildarrak.
Handik bi minutura heldu zen norgehiagokako lehenengo entsegua. Etxeko taldea nagusi zen zelaian, eta basurdeak makal xamar zebiltzan.
Hamargarren minutuan, Santiago Fernandezek jaurtiketan asmatuta puntuak pilatzen jarraitu zuen Alcobendasek (10-0). Bitartean, basurdeak erasoan ahalegindu bai, baina, emaitzarik lortu barik segitzen zuten.
Orduan lortu zituen Gernikak bere lehen puntuak. Berterok ez zuen hutsik egin eta zazpi puntuko aldeagaz jarri ziren. Hala ere, etxekoek partidaren jaun eta jabe izaten jarraitu zuten. Jokaldi azkarrak eginez, talde gernikarraren defentsan lekua egiteko arazorik ez zeukaten, eta hamabosgarren minutuan beste entsegu bat egitea lortu zuten.
Jarraian, Berterok aldea apur bat murriztea lortu zuen berriro ere. Baina, berehala heldu zen Alcobendasen erantzuna, eta lehen zatia 25-6 amaitu zuten.
Bigarren zatiaren lehenengo minutuetan bi taldeek ez zuten aukera garbirik eduki, baina, etxekoak nagusi ziren. Orduan, kontraerasoko jokaldi batean, etxeko taldeak beste entsegu bat eskuratu zuen.
Markagailuan alde nabarmena izan arren, basurdeek ez zuten etsi. Erasotzen jarraitu zuten, entseguaren bila. Hala, Sclaviren eta Berteroren lanari esker lortu zuten puntuak pilatzea (32-13).
Baina, Alcobendas bere jokoa egiten zebilen, eta pixkanaka bi taldeen arteko aldea handiagoa zen. Gainera, partidaren azken txanpan Pietrelli zigortu zuen epaileak, gernikarrak jokalari bat gutxiagogaz utzita.