Kabidxen egin zuten eguerdian mahaingurua.
Emakumezkoen pilotaren inguruko ekitaldietan bildu ziren herritarrak zapatuan Bermeon. Hain zuzen ere, udalerriko Sareginek Emakume Feministen elkarteak eta Larrabetzuko Txokoan Emakume Pilotarien elkarteak mahaingurua eta pilota partidak antolatu zituzten elkarlanean.
Eguerdian
Emakume pilotariak: norgehiagoka gazi gozoa izenburupean egindako hitzaldian 30 bat lagun elkartu ziren. Txokoaneko ordezkari batzuk eta Ainhoa Azurmendi EHUko irakaslea aritu ziren hizlari lanetan. Azken hori kirola eta berdintasun alorrean aditua da, eta besteak beste, Eusko Jaurlaritzako aholkularia ere bada.
Kabidxen elkartu ziren, eta ekitaldia “oso ondo” atera zela eta gustura daude antolatzaileak. “Azurmendik kirolean emakumezkoek duten egoeraz azterketa egin zuen genero ikuspegitik, eta adibide moduan dokumentazio pila bat ekarri zuen”. Besteak beste, egiturazko arazoen inguruan berba egin zuen, eta emakumeek behin pilotan aritzea erabakitzen dutenean dituzten oztopoei buruz ere aritu zen.
Txokoaneko kideek, berriz, haien esperientziaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertan bildutakoei: helburuak, trabak, arazoak… Halaber, ikus-entzunezko lan baten bidez elkartearen ibilbidea errepasatu eta ezagutarazi zuten.
Urtebete pasatxo da Txokoan sortu zutela, eta besteak beste, eskola proiektu bat ipini dute martxan Larrabetzuko eskolan eta beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko asmoa ere badute.
Gainera, azaroaren 21erako Euskal Herriko emakumeen lehen esku pilota txapelketa prestatzen dabiltzala ere kontatu zuten. Larrabetzun egitea da haien asmoa.
Pilota partidak
Artzan jokatu zituzten pilota partidak arratsaldean.
Arratsaldean Bermeoko Artza pilotalekuan elkartu ziren pilota partiduak ikusteko. Larrabetzuko esku pilota taldeko kideekaz batera, bi neska nafar lehiatu ziren.
Kategoria desberdinetako pilotariak direnez, zein bere mailan jokatu zuten, binaka. Gainera, eguneko oroigarri moduan, debutatu zutenei txapel bana eman zieten antolatzaileek. Eta Saregine elkarteak 350 euroko txekea eman zion Txokoan taldeari bere lanean aurrera jarraitzeko bultzadatxoa emanez. “Aurretik, Bermeoko Herri Kroseko kideek diru-laguntza bat eman ziguten emakumeak eta kirola sustatzeagatik eta pentsatu genuen ideia ona dela guk ere Txokoanekoei laguntza hau ematea”, azaldu dute.
Zapatuko esperientziagaz pozik eta gustura geratu dira antolatzaileak. Saregineko kideek esan dutenez, emakumeen eguneroko borrokan beste esparru bat erakutsi diete Txokoaneko kideek.