Argazkilaria: CD Zamarat
Zapatuan Zamarat taldearen kontra 65-74 nagusitu zen talde gernikarra Zamoran (Gaztela Leon, Espainia). Denboraldia hasi zenetik, sei jardunaldietatik bakarra galdu du ( 2.jardunaldian, Perfumerias Avenidaren kontrakoa).
Ondorioz, sailkapeneko hirugarren taldea da Gernika Bizkaia, 11 puntugaz. Perfumerias Avenida da sailkapeneko lehena, eta SPAR Citylift Girona da bigarrena. Bi talde horiek ere hamaikana puntu dituzte.
Hasierako minutuetatik partidan buru-belarri sartu ziren gernikarrak. Popek taldearen gidaritza hartu zuen, eta 5-12-ko emaitzagaz aurretik ziren markagailuan. Baina, etxekoek berehala erantzun zuten; 12-3-ko aldeko partzialagaz, 17-15-ko markagailuagaz heldu ziren norgehiagokaren hamargarren minutura.
Erritmo biziz aritu zen Gernika Bizkaia hurrengo minutuetan. Jokaldiak egiteko eta saskiratzeko arazorik barik, Zamorako taldearen aurrean nagusitasuna erakutsi zuen. Esaterako, 18. minutuan 11 puntuko errenta zuten gernikarrek (27-38). Hala ere, atsedenaldira heldu aurretik etxeko taldeak aldea apur bat murriztea lortu zuten: 32-40.
Atsedenalditik bueltan Gernika Bizkaiak Zamarat estutzen jarraitu zuen. Erasoan bikain jokatuz, eta defentsan intentsitatea mantenduz aritu ziren jokalari gernikarrak eta markagailuan ere hori islatzen zen: 36-49.
Orduan etxeko taldea suspertu eta puntuak pilatzen hasi zen, batik bat Aliaga jokalariaren hirukoei esker. Horrela, gernikarrrengandik hiru puntura jartzea lortu zuten: 49-52.
Hasieran bezala, azken minutuetan ere Popek hartu zuen Gernika Bizkaiaren gidaritza, eta Edwardsek ere etxekoen eremuan bere lekua aurkitzen asmatu zuen.