Txomin Arana Merzougako rally-an ari da Dakarra prestatzen
Urtarrilaren 3an Buenos Airesen (Argentina) hasiko den Dakarra prestatzen ari da Txomin Arana Ereñoko pilotua Marokon (Afrika). Merzougako Rallyan ari da lehian astelehenetik, eta gaur amaituko da proba.Lasterketa amaitzeko etapa bakarraren faltan, sa...
Lasterketa amaitzeko etapa bakarraren faltan, sailkapen orokorrean 50.ena da.
Aurtengo Dakarra egin zuen motorragaz ari da Arana. Urtarrilean, berriz, Husqvarna markako moto berria estreinatuko du. Marokoko lasterketa oso aproposa da Dakarrerako entrenatzako, haren antzeko ezaugarriak dituelako eta lasterketa gogorra delako.
Merzougako rallyan atzo 266 kilometroko laugarren etapa jokatu zuten, eta ereñarrak zazpigarren amaitu zuen 3 ordu, 42 minutu eta 11 segunduko denboragaz. Hain zuzen, etaparen irabazle Alessandro Botturi pilotuarengatik 5 minutu eta 26 segundora heldu zen helmugara.
Herenegun, hamahirugarren amaitu zuen. 3 ordu, 5 minutu eta 29 segunduko denboran burutu zuen 387 kilometroko hirugarren etapa. Adrien Van Beveren nagusitu zen, eta Arana harengandik 25 minutu eta 58 segundora sailkatu zen.
Martitzeneko bigarren etapan, 2 ordu, 56 minutu eta 48 segundoko denboragaz hamabosgarrena izan zen. Mathias Walkner irabazlearengandik 20 minutu eta 36 segundora amaitu zuen.
Gaurko azken etapan 162 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Dunen sari nagusian lasterketa ikusgarria lehiatuko dute. Gero, gauean egingo dituzte sari banaketa ekitaldia eta amaierako jaia.