III. Argazki lehiaketa jarri dute martxan Morgan
Morgako bazterrak irudikatzen dituzten argazkien lehiaketa jarri zuen martxan Morgako Udalak urriaren 1ean. Parte hartu nahi dutenek oraindik ere badute bertan parte hartzeko aukera; izan ere, urriaren 31 jarri du udalak parte hartzeko azken egun legez.
Morgako Udalak jakitera eman duenez, parte hartzen duen bakoitzak bost argazki bidaltzeko aukera edukiko du; betiere, aipatutako denbora tarte horretan.
Irudi digitalak izan beharko dira horiek guztiak, eta kultura@morgakoudala.com helbidera bidali beharko dituzte lanok. Bertan, parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia edo dena delakoa zehaztu beharko dira. Halaber, Argazki Lehiaketa izenburupean egin beharko da bidalketa.
Bi sari
Sariei dagokienez, bi sari egongo direla azaldu du udalak. Lehiaketako irabazleak, esaterako, BITXIA lotea jasoko du sari legez, eta, horregaz batera, baita herriko taberna baten bi pertsonentzako hamaiketakoa ere. Bigarren sailkatzen denak, aldiz, lehenengoaren bigarren sari hori jasoko du; alegia, herriko taberna baten, bi pertsonentzako hamaiketakoa.
Bestalde, Morgako Udalak ohartarazi duenez, «jasotako argazkiak udalaren artxiboan sartuko dira, eta berauek erakusketak egiteko, egutegiak egiteko, webgunean jartzeko… erabili ahal izango dira».