Taberna batean kalteak eragiteagatik bikote bat atxilotu dute Busturian
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 22 urteko gizonezko bat eta 20 urteko andrazko bat atxilotu zituzten atzo eguerdian, Busturian. Hain zuzen ere, Busturiko ostalaritza lokal batean kalteak eragiteagatik eta lokaleko jabeari mehatxu egiteagatik atxilotu zituztela azaldu dute.
Atzo, 12:30ak aldera, Busturiko ostalaritza lokal bateko jabeak Ertzaintzaren patruila baten laguntza eskatzeko deia egin zuen. Tabernan zegoen bikote bat lokala kaltetzen ari zen, bai eta jabeari mehatxu egiten ere. Ertzaintza lokalera iritsi zenean, hirurak aurkitu zituen barruan. Diotenez, kristalezko botilen hondakinak zeuden lurretik botata, telebistako pantaila apurtuta zegoen, eta tabernako baxerako kristalak zeuden sakabanatuta.
Gertatukoa argitu ondoren, bikotea atxilotu zuen Ertzaintzak. Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, antzadenez, atxilotutako bikotea gauez taberna zaintzeaz arduratzen zen. Jabeak, baina, kutxa irarletik dirua lapurtzen ziotela eta, kaleratzea erabaki zuen. Hala, jabearen kontra eginda, tabernan kalteak eragiten hasi ziren, eta eraso egingo ziotela esaten zioten tabernako jabeari. Jakinarazi dutenez, ertzainen aurrean ere jarrera berbera mantentzen zuten atxilotutakoek.