
Castro Urdialesen, zapatuan jokatu zen Espainiako eta Europako duatloi kros lasterketan, 20 eta 24 urte bitarteko adin taldean, lehenengo sailkatu zen Jabi Goitia (Gernika-Lumo, 1995). Espero gabeko sari ederra izan zela dio gernikarrak.
Espero moduko lasterketa egin zenuen?
Uste nuena baino hobea, egia esan.
Zelan joan zen proba?
Ondo, hala ere, asko sufritu nuen korrika egiteko tartean; lauzpabost lehiakidek aurrea hartu zidaten. Txirrinduan egin beharreko tartea, berriz, oso teknikoa zen eta gogorra. Baina, txirrinduan hobeto ibiltzen naiz, eta korrikan galdutako denbora txirrinduan berreskuratu nuen. Hala, bosgarren postuan igo nintzen txirrindura, eta jaitsi, berriz, lehenengo postuan.
Unerik zailenak orduan, korrika egin beharrekoak?
Korrika egiteko unea kontrolatzea eta txirrinduko momentuari itxaroten jakitzea izan ziren unerik zailenak.
Castro Urdialeseko proba ezagutzen zenuen?
Ez, ez nuen ezagutzen. Lasterketa hasi aurretik lehiakideei galdetu nien ibilbideagatik.
Ibilbidea ezagutu ez, eta zure adin tartean onena. Garaipena modu horretan pozgarriagoa al da?
Bai. Gainera, sailkapena agertu arte ez nekien lehenengoa nintzenik. Helmugara iritsita, bigarrena nintzela uste nuen. Izan ere, adin tarte guztietakoak batera atera ginen. Bigarren postuarekin pozik nengoan, eta orduan, lehenengoarekin oraindik gehiago.
Garaipenek aurrera jarraitzeko indarra ematen al dizute?
Bai, jarraitzeko beste motibazio bat da, urte pare batez, behintzat. Badakit kirol munduan ez dudala ezer lortuko. Azken finean, zaletasun bat da. Disfrutatzen dudan bitartean, aurrera jarraituko dut, eta garaipenek gehiago disfrutatzen laguntzen dute. Egindako ahalegina zeozertarako balio izan du.
Lehenengo garaipena al da?
Duatloi Krosetan lehenengoa, bai. Orain arte, asfaltozko duatloietan lehiatzen ibili izan naiz. Iaz, esaterako, Bizkaiko txapelketa irabazi nuen, eta hirugarren geratu nintzen Euskadikoan.
Zein gurago duzu?
Aurten hasi naiz duatloi krosean. Baina, ez dakit zein aukeratuko nukeen.Asfaltozko duatloietan jende gehiago egoten da, eta estresagarriagoak izaten dira normalean. Mendian, aldiz, denbora luzean bakarrik zoaz zeure buruagaz, lasterketa luzeagoak dira… uste dut mendia gehiago gustatzen hasi zaidala, gustua hartzen ari naiz.
Duatloi Krosetan lehiatzen jarraituko duzu, hortaz.
Euskal Herriko zirkuituko zenbait proba egingo ditut Krosean. Ondoren, otsailean berriro bueltatuko naiz asfaltoko duatloietan lehiatzera.
Zenbat probatan lehiatu zara aurten?.
Euskal Herriko zirkuituko guztietan egon naiz otsailetik maiatzera bitartean. Udan, gero, geldik egon naiz, eta orain duatloi krosak egiten ari naiz.
Asko entrenatzea eskatzen al du?
Bai, diziplina apur bat eskatzen duen kirola da. Horregatik diot ez dakidala zenbat denbora emango dudan mundu honetan. Izan ere, askotan galdetzen diot nire buruari: «zeozertarako balio al du egiten ari naizenak?». Hala ere, oraingo garaipena beste motibazio bat izan da, eta aspertu arte lehiatzen jarraituko dut.