
Kale animazioa Alde Zaharretik kalejiran
Badator «herriko historia zabaltzea» helburu duen Bermistorian. Hala, Erdi Arora bueltatzeko aukera izango dute bermeotarrek asteburuan. Aurten, gainera, berritasunekin datorrela azaldu du kultura zinegotzi Aingeru Astuik, burdina zelan lantzen den eta Lodosako nekazarien lana ezagutzeko aukera egongo baita.
Burdina zelan lantzen den ikusi gura duten horiek, zapatuan izango dute horretarako aukera. Herrementari aditu bat izango da goiz eta arratsaldez, burdina lantzen. Lodosako nekazariak, berriz, zapatuan eta domekan egongo dira azokan. Lodosako piperrak erretzeko prozedura erakustera datoz. Hala, bertaratzen direnek prozedura ikusteaz gain, piperrak dastatzeko aukera ere izango dute.
Hamaikagarrenera iritsi den Bermistorianen, hala ere, ez da Erdi Aroan girotutako azoka faltako, eta hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dira horretan; gazta, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, loreak, xaboia, kremak… Zapatuan goiz zein arratsaldez izango da zabalik, eta domekan, berriz, goizez bakarrik. Guztira, 56 saltoki egongo direla esan du Astuik.
Urtero modura, azokaren inguruan, Erdi Aroko giroa sortzeko jarduerak ere egongo dira. Besteren artean, arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, zeramika tailerrak, loren tailerrak, oholezko jokoak eta Izaro Abesbatzaren kalejira izango dira, eta kale animazioa ere kalejiran ibiliko da.
Azoka baino gehiago
Bermistorianerako prestatuko egitaraua bihar hasiko da, Arrantzaleen Museoan emango duten hitzaldi bategaz. Aingeru Astui kultura zinegotzia eta Arrantzaleen Museoako zuzendaria Bermeoko Udalaren protokoloaz ariko da. Batez ere, alkateak eta zinegotziek jai egunetan egiten dituzten gauzak azalduko dizkie bertaratutakoei, eta horiek denboraren poderioz zelan aldatu diren azalduko du ere.
Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiak eskertu ditu Astuik. Era berean, bermeotarrei zein kanpotik datozenei Bermistorianeko ekintzetan parte hartzeko deia egin die, bai eta mozorroak janzteko deia egin ere, «norberaren giroa zein herrikoa alaitzen laguntzen duelako».
Bestalde, asteburuan, Alde Zaharrean ibilgailuagaz ahalik eta gutxien ibiltzeko eskaera ere egin du Astuik.
EGITARAUA
Bihar
19:00. Bermeoko Udalak eta Arrantzaleen Museoak antolatuta, Bermeoko Udalaren protokoloa. Tradizioak gordeteko arautegia hitzaldia, Arrantzaleen Museoan.
Hizlaria: Aingeru Astui Zarraga.
20:00. Talako kantinak antolatuta, Euskal Herriko talaiak Bermeotik ikusita hitzaldia, Talako kantinan.
Hizlaria: Xabier Alberdi itsas-historialaria.
Zapatua
Azoka. 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.
– 12:30ak aldera, Izaro Abesbatzaren kalejira.
– Egunean zehar eta Alde Zaharreko kaleetatik, arku-tiro taldea, kale animazioa, zeramika tailerra, oholezko jokoak, loren tailerra, Lodosako piperrak erreta, burdina lantzeko tailerra…Ludotekak eta Gaztelekuak ere jarduera bereziak prestatu dituzte umeentzako eta gazteentzako.
Bisita gidatua eta dastaketa. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Kostaldeko burdin artisauak eta Kontserba latak: historoa eta diseinua bisita gidatua, 16:00etan. Aita Guria baleontzitik abiatuko da irteera eta gazteleraz izango da. Amaieran, gura duenak, kontserben dastaketa batean parte hartu ahalko du.
Domeka
Azoka. 10:00etatik 15:00etara. Goizean, Alde Zaharretik, arku-tiro taldea, zeramika tailerra, oholezko jokoak, loren tailerra eta kale animazioa, besteren artean.