2016ko egutegia osatzeko I. Argazki lehiaketa jarri du martxan Gautegiz Arteagak
2016ko egutegiaren irudiak aukeratu asmoz antolatu du lehiaketa hori Gautegiz Arteagako Udalak, lehenengoz. Eta horretarako, kreatibitatea askatzeko eta herriko edertasuna sustatze aldera herriko gunerik adierazgarrienak aukeratzeko gonbidapena egin die herritarrei. Azken horiek, beraz, lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute; betiere, lanak azaroaren 30a orduko aurkezten badituzte.
Udalak azaldu duenez, parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahalko ditu lehiaketara; gaia edozein dela, baina Gautegiz Arteagako txokoetan ateratakoak direnak. Hala, aurkezten dituzten lan horien guztien artean, 13 onenak aukeratuko ditu Gautegiz Arteagako Udaleko ordezkariez, egutegia inprimatuko duen publizitatea agentziako ordezkariez eta herrian erroldatuta dauden bi bizilagunez osatutako epaimahaiak. Hartara, egutegiaren azalerako edukiko dute irabazlearena, eta hile bakoitzean jartzeko gainontzekoak.
Argazkien ezaugarriak
Argazkien ezaugarriei dagokienez, 30 zentimetro edo gehiago izan beharko ditu alderik luzeenak, eta 300 ppp-ko erresoluzioa eduki beharko dute; guztiak ere formatu elektronikoan (.jg, .tif, .psd edo .bmp formatuan) aurkeztu beharko direlarik. Beste hainbat lehiaketetan legez, lanak originalak eta inon argitaratu gabeak (aldizkarietan, egunkarietan, liburuetan edota online) izan beharko dira.
Baldintza horiek betetzen dituzten argazkiak, beraz, azaroaren 30eko 12:00ak orduko aurkeztu beharko dira kulturetxea.gautegiz@bizkaia.org helbidera mezua bidalita, edota posta arrun bitartez (Herriko enparantza, 1. Gautegiz Arteaga, 48314).
Sariak
Udalak jasotzen dituen argazkien artean onenak egutegian biltzeaz gain, saria ere jasoko dute horien egileek. Lehiaketako irabazleak, esaterako, 200 euro jasoko ditu sari legez; bigarrenak 150 euro, eta hirugarrenak 100 euro. Halaber, argazki finalisten artean aukeraketa bat egingo dutela jakitera eman du udalak, eta bertan aukeratzen duten hori Gautegiz Arteagako informazio turistikorako triptikorako erabiliko dute.