
Bilboko La Casilla kiroldegian urteko borrokarik onenetarikoa jokatu zuen zapatuan Kerman Lejarragak. Javier Garcia Rocha katalana KO teknikoagaz hartu zuen mendean.
Bederatzigarren borrokaldiraino eutsi zion katalanak, baina Morgako Errebolberrak bere nagusitasuna erakutsi zuen beste behin ere. Ukabilak txikituta amaitu zuen lehia morgarrak, eta medikuaren erabakiz gelditu zuten borrokaldia.
Azken garaipen horren ondorioz, Lejarraga Espainiako titulua lortzeko hautagai ofiziala da.
Istiluak sarreren harira
Hala ere, zapatuko borrokaldiek baino oihartzun gehiago izan dute La Casilla kiroldegiaren kanpoaldean sortutako liskarrek. Izan ere, ustez sarrera faltsuak saldu zituzten batzuek, eta ondorioz, kiroldegiaren edukiera gainditzen zuen jendetza batu zen bertan. 5.500 lagunentzako lekua zegoen, baina, antza kopuru hori baino sarrera gehiago saldu ziren.
Antolatzaileek kanpoan sarrerekin zeudenei dirua itzuliko zietela esan, eta horretarako lehiatillara hurbiltzeko eskatu zieten. Batzuk horrela egin zuten, baina, beste batzuek salaketa jarriko zutela adierazi, eta Zabalburuko ertzain etxera joan ziren gertatutakoa salatzera.
Hala, Ertzaintza bertaratu behar izan zen giroa baretzera. Gainera, Ertzaintzaren Joku eta Espektakuluen unitateak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko asmoagaz. Hain zuzen ere, sarrerak faltsifikatu zituzten edo baimendutakoa baino abonu gehiago saldu zituzten ikertuko dute.