
Gernikak Urbietan lehiatu zuen domekan denboraldiko zortzigarren jardunaldia. Kanaria uharteetako (Espainia) Mensajero taldeari 3-1 irabazi zion.
Hamahirugarren minutuan, Lander Torrealdaik sartu zuen etxekoen lehen gola buruz, eta beste biak, Josu Santamariak egin zituen, 24. eta 70. minutuetan.
Partida amaitzeko bi minuturen faltan egin zuen 3-1ekoa Joan Salvak, Carracedo eta Altamira atezainaren arteko gaizki-ulertu baten ondorioz.
Hala ere, bi taldeek gol aukera gehiago izan zituzten. Talde kanariarrak izan zuen markagailua estreinatzeko aukera partida hasi eta bost minutura. Baina, Yeraik ez zuen Altamira gainditzea lortu. Hain zuzen ere, jokalari hori izan zen Mensajeroko jokalarien artean gol aukera gehien izan zituena. Guztira, dozena erdi bat aukera izan zituen talde bisitariak.
Etxekoek ere hiru gol egiteaz gain, beste horrenbeste egiteko aukera izan zuten. Santamariak egin zituen bi golak sartu aurretik ere izan zuen aukeraren bat. Halaber, Aimar eta Franco ere Gernikaren laugarren gola egiteko zorian egon ziren, baina, zutoinak jo eta ez zuten lortu.
Denboraldiko laugarren garaipena da Gernikarentzat; hiru partida galdu eta bakarra berdindu du orain arte. Ondorioz, sailkapeneko zazpigarrena da 13 puntugaz, eta Real Union seigarrenak ere puntu kopuru bera dauka. Barakaldo da liderra, 19 puntugaz; Toledo da bigarrena 18 puntugaz eta RM Castilla hirugarrenak 17 puntu ditu.