Eskoziako biosfera-erreserba bateko ordezkariak, Urdaibain
Eskoziako Golloway-Southern Ayrshire biosfera-erreserbako ordezkariak Urdaibai bisitatzen aritu dira egunotan, Euskadik espazio naturalak nola kudeatzen dituen ikasteko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, «garapen jasangarria txertatzeagaz, ondare naturalen eta kulturalaren kontserbazioagaz eta ezagutza zientifikoa sortzeagaz eta zabaltzeagaz lotutako esperientziak ezagutzeko» etorri dira Eskoziatik Urdaibaira aipatu ordezkariak.
Unesco Etxeak antolatu zuen bisitaldi hori; izan ere, bertako zuzendari Arantza Atxaren ustez, «biosfera-erreserben artean kudeaketa-esperientziak partekatzeko jardunbide egokia» da hori.
Hala, Urdaibaiko landa-garapenari buruzko esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aprobetxatu zuten Eskoziako ordezkariek bisitaldia, eta baita ingurumena errespetatzen duten azpiegiturak eta ingurumen-hekzuntzako ekimenak ezagutzeko ere.
MAB programen bidez kudeatu du aipatu bisitaldia Unesco Etxeak. Aurretik ere, hainbatetan egin izan dituzte gune erreserba naturalen gaineko esperientziak trukatzeko helburua duten ekimenak.