Busturiko fusilatuen omenezko ekitaldia "herritarren parte hartze gabe" egin dela salatu du EH Bilduk
Abuztuaren 2an egin zuten aipatu ekitaldia Busturian, 1937. urtean fusilatuak izandakoen omenez. Azken zortzi urteetan egin izan du Busturiko Udalak ekitaldi hori; hain zuzen ere, Eusko Alkartasuna, ANV eta Bildu agintaldian egon diren urteetan. Hala ere, kasu horietan, “herritarren parte hartzeagaz” egin izan dela argi utzi nahi izan du Busturiko EH Bilduk: “herri batzarrak deituta, eta fusilatuen senideei gonbidapen berezia luzatuta”.
Aurtengoa, baina, “ekitaldi instituzionala” izan dela salatu du koalizioak: “busturiarron parte hartzerik gabe, eta ez udaletik antolatuta, baizik eta gobernuan dagoen alderdiak bultzatuta”.
Hori horrela, ekitaldi hori antolatzeko udal gobernuak izan duten modua salatu du, mozio bat aurkeztuta. BIT taldeak ere, mozio horren aldeko botoa eman du, koalizioak agertutako desadostasunagaz bat eginda.
Ekitaldi “alderdikoia”
Mozio horretan gogoratu dutenez, ekitaldiaren aurreko azken batzar informatiboan, EH Bilduk eta BIT udal taldeak udal gobernuari eskatu zioten Ahaztuak taldeagaz harremanetan jartzeko, “talde hori izan delako azken urteetan omenaldia antolatu duena, memoria ikuspuntutik, eta bere eskarmentu eta jakintzaz baliatuta”. Horren aurrean, EAJk “gehiengoari bizkarra eman eta inor kontuan hartu ez izana” kritikatu dute udal talde biek.
Halaber, ekitaldi “alderdikoi” horretan, Josu Erkoreka eta Juan Mari Atutxa egon izanak ere harritu zituen EH Bildu eta BIT taldea: “Ezin dugu inondik inora ulertu bi per¡rtsona horiek zertara etorri ziren Busturira; haiek izan ziren eguneko protagonistak, fusilatuak eta haien senideak bazter utzita”.
Omenaldia mezagaz hastea “iraingarria”
Bestalde, ekitaldia mezagaz hastea “iraingarria” iruditzen zaie mozioa onartutako talde biei. “Badirudi EAJri ahaztu egin zaiola omendutakoak faxismoak fusilatu zituela, eta eliza katolikoa eta faxismoa lagun minak izan direla beti”. Hala, udalak antolatutako ekitaldietan, mezak eta bestelako erlijio erakustaldiak egitea “guztiz lekuz kanpo” dagoela deritze aipatu taldeek.
Gauzak horrela, hurrengo omenaldietarako, busturiarrak herri batzarretara deitzeko eskatu diote udalbatza osoari. Eta horrez gain, omenaldi hori alderdiaren propagandarako ez erabiltzeko ere eskatu diote. Azkenik, ekitaldi horren bitartez, memoria historikoaren azterketa eta ezagutza bultza dezaten dei egin diote, horretarako herrian dauden elkarteekin lan eginda. Izan ere, mozioa aurkeztutako koalizioaren arabera, abuztuko omenaldi horren helburua “historia ezagutaraztea da, iraganeko gertakari ilunak argitara ateratzea, ulertze eta berriro errepika ez daitezen saiatzea”.