
Bilbora joateko deia egin dute ELA eta LABek
Karta Soziala landu eta kaleratu zuten eragile sindikal eta sozialek bultzatuta, Bilbo Alternatiben Herria bihurtu nahi dute hilaren 24an. LABeko ordezkari Aitziber Barandikak azaldu duenez, egun horretan adierazi nahi dute Euskal Herria beste modu batera antolatu daitekeela. «Gure ekonomia, kultura, ondarea eta den-dena beste modu batera antolatu dezakegu», azaldu du.
ELAko ordezkari Gotzon Basarekin batera emandako prentsaurrekoan, bi sindikatuetako kideek dei egin diete Euskal Herriko langile eta herritarrei egun horretan Bilbora joateko. Barandikaren esanetan, guztion parte hartzearekin alternatibak sor daitezke, «egon badaudelako».
Gogorarazi duenez, orain urte eta erdi hainbat eragile sozial eta sindikal batu ziren, eta eztabaidatu zuten zein gutxiengo behar dituzten euskal heritarrek duintasunez bizi eta lan egin ahal izateko. Hausnarketa horretatik aurkeztu zuten, gero, 16 puntu biltzen dituen eskubide sozialen karta. Orain, bestelako gizarte erdu bat eraikitzea posible den hausnartu nahi dute, eta nola egin daitekeen posible. Barandikaren hitzetan, «alternatibak egon badaude, eta hori azaleratu nahi dugu urriaren 24an. Ekonomia, finantzak, elikadura eta abarrak beste modu batera antolatzea badagoela, denen artean eginez gero».
Bost gune
Bilboko erdigunea herri txiki bihurtuko dute zapatu horretan, eta hausnarketekin, alternatiba praktikoekin eta baikortasunez beteko dute. Hainbat ardatz landuko dituzte, auzo ezberdinetan. Hala, auzo horietako bakoitzean arlo konkretu horietan dauden alternaatibak aurkeztu eta ezagutaraziko dituzte. Hori, jarduera ezberdinen bitartez egingo dutela azaldu du Basarasek: mahainguruak, azokak, tailerrak, kale ikuskizunak eta jolasak izango dira. Gainera, egunak festa kutsua izan dezan, kale animazioa, jan-edanerako guneak eta musika ere ez dira faltako».
Bost auzotan, beraz, hainbat gauza landuko dituzte. Hala ere, eraldaketaren bidean, denon lana ezinbestekoa izango dela gogorarazi du Basarasek.