Araneko Kiroldegiko igerilekua eta fitness gimnasioa herritarrei eskaini beharreko «oinarrizko zerbitzuak» direla uste du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Hala, iaz igerilekuan hobekuntzak egin eta fitness funtzionalerako material berria erosi ostean, aurten gimnasioko eta biking gelako ekipamendua berritu dutela azaldu du Bidegurenek. Lehen baino aukera gehiago dituzte orain erabiltzaileek gimnasioan, eta makina berriek izan duten harrera «ona» nabarmendu gura izan du.
Gimnasioan 35 elementu berri jarri dituzte, eta horien artean berritasunak ere badaudela aipatu du alkateak; ur-ergometroak, eskailera mekanikoak, eskalatzaileak eta pauso aldakorreko eliptika bereziak. Erabiltzaileek, 53 ariketa kardiobaskular egiteko aukera dute orain, lehen, berriz 40 zituzten. Arrakastatsuenak eskailerak direla azaldu dute.
Biking gelako txirrinduak ere aldatu dituzte, 26 txirrindu berri jarri dituztela aipatuta. Gainera, saio birtualak egiteko aukera ere badago. Saio birtual horiek jai egunetan eta asteburuetan eskaintzea aurreikusten dute.
Udalaren egoera kontuan izanik, baina, gimnasioa eta biking gela berritzeko renting formula erabili dutela jakinarazi du Bidegurenek. Biking gelako ekipamendua Exercycle enpresak jarri du, eta gimnasioakoa, aldiz, Life Fitness enpresak. Alkateak azaldu duenez, «lau urterako esleipena egin diegu. Hilero begiratuko dituzte makinak eta beharrezkoak diren egokitzapenak ere egingo dituzte».
10 urte baino gehiagoko makinak ziren, eta jakinarazi dutenez, Araneko Kiroldegiko erabiltzaileen eta langileen eskariei erantzunez, «apustu handia egin dute». Izan ere, «kalitatezko» instalazioak izatea «garrantzitsua» dela uste du Bidegurenek, bai eta horiek bermeotar guztien eskura egotea ere: «Kirola osasuna da eta kalitatezko kirol zerbitzuetan inbertitzea herritarren osasunaren alde inbertitzea da».