Muñozek eta Learretak irabazi zuten iaz Gernikako rallya
75 autok parte hartuko dute aurten Gernika-Lumoko Rallyan, iaz baino lau gutxiagok. Hala ere, parte hartzearekin pozik da Gernika Racing elkartea; «pilotu esanguratsu batzuk falta izango dira aurten, baina karrera onak ikusiko ditugularen esperantza dugu», esan du elkarteko kide Hibai Bilbaok. Gaur egingo dituzte egiaztapenak, 18:00etatik 20:30era, Pasealekuan.
57 autok parte hartuko dute lastertasun proban, eta hemezortzik Sport erregulartasunaren kategorian. Gainera, Busturialdeko zein Lea-Artibaiko ordezkaritza zabala izango da asteburuko rallyan. Bilbaok azald legez, «gero eta zale gehiago dituen kirola da, eta bertoko gazteek ere eutsi egin diote. Gainera, etxean lehiatzea erakargarria izaten da eurentzat».
Euskadiko Rally Txapelketarako puntuagarria izango da Gernika-Lumoko Rallya, baita Bizkaikorako ere.
Segurtasun aholkuak errespetatu
Zapatuan, 08:00etan aterako da lehen autoa, Pasealekutik. 194,54 kilometro izango ditu probak, eta horietatik 93 erlojupekoak izango dira. Tarte kronometratuak hamar izango dira, guztira: Montecalvon, Mendatan, Gernika-Lumon eta Arrietan.
Ikusleei ere eskaera bat egin die Gernika Racing-ek; hain zuzen, segurtasun neurriak kontuan har dezatela. «Ezbeharrik egon ez dadin, segurtasun autoaren eta komisarioen ohar eta aholkuei kasu egin dezatela eskatu gura diegu».
Sariei dagokienez, modalitate bakoitzeko bosna sari banatuko dituzte aurtengo rallyan. Rallyan arinenan direnak eta sport erregularitatean onenak diren pilotu eta kopilotuak sarituko dituzte. Horiez gain, beste hiru sari ere emango dituzte antolatzaileek, IV Copa Abarth Babyauto-n lehen hiru sailkatuei.