55 bat surflarik parte hartu dute aurtengo Laga classic surf txapelketan
Kategoria desberdinetako parte hartzaileek goizean lehiatu zuten txapelketa. Aurten emakume gutxi egotea 'pena' dela esan dute antolatzaileek. Arratsalde eta gauean jai giroan batu zirenZapatuan Ibarrangeluko Laga hondartzan jokatu zuten Laga classic s...
Kategoria desberdinetako parte hartzaileek goizean lehiatu zuten txapelketa. Aurten emakume gutxi egotea ‘pena’ dela esan dute antolatzaileek. Arratsalde eta gauean jai giroan batu ziren
Zapatuan Ibarrangeluko Laga hondartzan jokatu zuten Laga classic surf txapelketa. Bertoko eta inguruko surflari eta surfzaleek egun osoko plana izan zuten.55 bat surflari elkartu ziren Lagan, zein bere abilezia erakusteko gogoz. Parte hartzaile gehienak Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herritarrak izan ziren. Hain zuzen ere, urte osoan zehar Lagan surfa egiten dutenak ziren, tartean, Ogoñope surf taldeko bazkideak. Horientzat guztientzat huts egin ezinezko urteroko hitzordua da Lagako surf txapelketa.
Antolatzaileak gustura daude: «Oso giro polita egon zen, dena ondo joan zen, olatuak izan genituen eta eguraldi ederra surfaz gozatzeko».
Surflariak kategoria desberdinetan lehiatu ziren, eta guztira, 16 bat txanda egin zituzten goiz guztian zehar. Surfean, hiru maila egon ziren: nagusiak, 18 urtetik beherakoak, eta 12 urtetik beherakoak.
Halaber, beste kategoria hauek ere jokatu zituzten: 18 urtetik beherakoen body board-a, long board-a, emakumezkoen surf oppen-a eta kortxozko body board-a.
Antolatzaileek esan dutenez, «pena» da aurten neska gutxi lehiatzea. «Pare bat baino ez ziren egon, aurreko urteetan askoz gehiagok parte hartu izan dute, bai nagusien mailan eta baita gaztetxoetan ere».
18 urtetik beherako body board kategorian, Andoni Jaio nagusitu zen. Long boardean, Eder Korresek irabazi zuen, kortxozko body boardean Alain Rio izan zen garailea, eta emakumezkoen surf oppenean, Emma Albizu izan zen onena.
Bestalde, surfari dagokionez, Ibon Wolshrjin nagusitu zen nagusien mailan. 18 urtetik beherakoetan, berriz, Jon Aritz Banerak irabazi zuen, eta 12 urtetik beherakoetan, Martin Moina izan zen garailea.
Jai giroan
Arratsaldean ospakizuneratarako tartea hartu zuten surflari eta surf zaleek.
18:30ak inguruan hasita, sari banaketa eta zozketa egin zituzten. Sariak banatu ondoren, txokolatadan elkartu ziren Hatzaspe txiringitoan.
Iluntzeko kontzertuagaz ere gozatu zuten bertan bildutakoek, eta ostean, barbakoa egin zuten. Gero, topaketa behar bezala borobiltzeko, gauean, Dj Beerdi eta Dj Karramarroren emanaldi egon zen, surfean hasitako eguna, dantzan amaitzeko.