«Taldeko mutilei esker gaude goian; maila berean jartzen gaituzte»
Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak dira Bermeoko bizilagun biak. Neska izanik, zaila dute Euskal Herrian bertan lehiatzea, nazioarteko txapelketetan, baina, domina ugari lortu dituzte.Irailaren hasieran Belfasten (Irlanda) jokatu zen Europako soka...
Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak dira Bermeoko bizilagun biak. Neska izanik, zaila dute Euskal Herrian bertan lehiatzea, nazioarteko txapelketetan, baina, domina ugari lortu dituzte.
Irailaren hasieran Belfasten (Irlanda) jokatu zen Europako sokatira txapelketatik dominekin bueltatu ziren Bermeora Erika Julieth Rojas (1993, Kolonbia) eta Batirtze Ispizua (1983, Bermeo). Biak Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak dira. Urrezko domina bana lortu dute taldeen artean jokatutako 560 kiloko mailan. Ispizuak, gainera, zilarrezko beste domina bat irabazi du selekzioen arteko lehian; 600 kiloko talde mistoarekin lortu du hori, hain zuzen ere.Zelan joan zen txapelketa?
Batirtze Ispizua: Oso ondo; gutxien espero genuen mailan lortu dugu domina, gainera.
Erika Julieth Rojas: 560 kiloko mailan lehiatu ginen eta taldekideen artean 513 kilo baino ez genituen. Gainera, aldaketa bat egin genuen finalaurrekoetarako eta finalerako, eta bi tiralarien arteko aldea 10 kilokoa zen; beraz, 500 kilo ingurugaz tiratuta irabazi dugu. Holandako talde baten aurka izan zen finala.
B. I: Txinako taldeari irabaztea izan da beti gure helburua, eta lortu dugu. Izan ere, taldeetako lehian munduko edozein talde aurkez daiteke. Selekzioetan, aldiz, Europakoak soilik. Suitzarrak eta holandarrak ere oso indartsu ibiltzen dira, bai eta suediarrak ere. Hala ere, azken horiek ez dira talde modura aurkezten, selekzioen lehiarako uzten dituzte indarrak.
Maila altua egoten al da?
B. I: Selekzioen arteko lehian, oso altua. Guk Euskal Herrian, herri kirol modura hartzen dugu sokatira, kirol minoritarioa da. Hemendik kanpora, baina, beste modu batera ikusten dute kirol hau.
E. J. R: Euskal Herrian hamabost neska sokatiralari baino ez gaude. Gaztedin hamabi gara, Mutrikuko taldean bat eta Goierrin bi. Beste herrialde batzuetan, berriz, hainbat dira sokatiran aritzen diren taldeak.
B. I: Suitzan, adibide bat jartzekotan, hainbat talde daude, eta talde horietatik tiralari onenak sailkatzen dituzte txapelketetara joateko. Beraz, onenak daude. Aukera eta erraztasun gehiago dituzte. Gure kasuan, berriz, mugatuta gaude.
Dominek orduan balio handiagoa dute zuentzat.
E. J. R: Guk hemen ez daukagu nesken arteko txapelketarik, mutilekin entrenatzen dugu. Hortaz, guretzat izugarria da urrezko domina bat lortzea.
B. I: Zaila da lehiatzea, eta are gehiago etxean lehiatu barik joatea. Ez da berdina mutilekin edota neskekin lehiatzea; hortaz, aurrean zer aurkituko dugun jakin barik joaten gara gu lehiatzera. Hala ere, aurreko urteetako txapelketetako erreferentziekin joaten gara. Izan ere, ez da dominekin bueltatzen garen lehenengo urtea. Munduko txapelketan izan ginen Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), eta lau domina lortu genituen. Euskal Herriko txapelketan ere hainbat sari lortu ditugu, baina gomazko modalitatean, lurrean lehiatzeko beste neskarik ez dago-eta.
E. J. R: Orain bi urte ere, brontzezko domina batekin bueltatu ginen Europako txapelketatik.
Zelan hasi zineten sokatira praktikatzen?
B. I: Bermeon eratu zen Apurtu Arte sokatira taldean hasi nintzen ni, eta gustuko hartu nuen. Taldean, bi neska baino ez ginen, eta Laukizko Gaztedi taldera joan ginen probatzera. Ordutik, hiru urte daramatzat lurreko eta gomazko modalitateetarako prestatzen. Kateatu egiten zaitu sokatirak!
E. J. R: Ni hasieran arraunean hasi nintzen Bermeon, batel estropadetarako prestatzen. Ondoren, hori utzita, lagun baten bitartez, Laukizera joan nintzen sokatira probatzera. Behin entrenatzen hasita gustatu egin zitzaidan, eta hemen nago.
Zer ematen dizue sokatirak?
B. I: Esfortzu handia behar duen kirola da. Esfortzua egin ondoren, norberaren mugak gainditzen ikustea pozgarria da, bai eta sariak lortzea ere. Hasieran zaletasun modura hartzen duzun horrek gero eta esfortzu gehiago eskatzen dizu, eta gero eta denbora gehiago ere bai. Jende asko ezagutzen da eta bidaiak egiteko aukera ematen du. Sokatira mundu bat da, gainera. Jendeak ez du erdia ere ezagutzen. Hemendik kanpora beste kultura bat da, herrialde askotan txikitatik ikasten dute. Niri sokatirak asko eman dit, asebete egiten nau.
E. J. R: Gustuko dudan kirola da, eta hobetzeko entrenatzen dut, beti egin daitekeelako hobeto. Kirol honetan beti ikasten da zeozer, taldeek ez baitute inoiz berdin tiratzen. Estrategia asko dago.
B. I: Gauza garrantzitsu asko daude, boten prestaketatik hasita. Ondoren, postura edota tiratzeko modu ugari daude. Hemendik kanpoko taldeek prestatzaile fisikoak, masajistak eta elikadura zaintzeko medikuak dituzte, beste gauza batzuen artean. Beharrezkoa duten guztia dute, guk gutxienengoagaz konformatu beharra daukagu. Aurten hasi gara prestatzaile fisiko bategaz lanean; orain arte, baina, ezer ez.
Elikadura zaintzea beharrezko duzue, hortaz.
B. I: Bai, eta oso gogorra da. Momentu honetan oporretan gaude eta zenbait kilo irabazi ditut. Gabonetan eta udan zaila izaten da, parranda guztiak galtzen ditugu.
E. J. R: Gogorra da, bai. Neguan gomarako entrenatzen dugu eta udan lurrerako. Beraz, ia urte osoa elikadura zaintzen gabiltza.
Entrenamendu gogorrak izango dituzue.
E. J. R: Bai, denboraldian zehar, astean, gutxienez, lautan entrenatzen dugu,. Gainera, Laukizera joan beharra daukagu. Ordu bi inguruko entrenamenduak izaten dira, eta neguan hotz handia egiten du.
B. I: Eta entrenamenduetan tiraldiak egiten ez ditugunean, korrika egin behar dugu. Denbora asko eskatzen du, eta lan egiten baduzu, zaila da.
Taldean maila berean al zaudete mutilak eta neskak?
B. I: Bai, Gaztedin bai neskak zein mutilak berdinak gara. Nahasi egiten gaituzte eta lehia berdinean sartzen gaituzte. Uste dut hamabi neska gaudela, Gaztedin neskei garrantzia ematen baitzaie. Motibazioa ematen du horrek eta bai eta esperientzia ere, tiraldiek esperientzia ematen baitute.
E. J. R: Mutilei esker lortu dugu goian egotea. Maila berean jartzen gaituzte, eta berdin zaie neskak aurrean badituzte, indar berberagaz tiratzen dute eta. Neskak ondo egotea gura dute, neskek entrenatzen jarraitu ahal izateko.
B. I: Garaipena taldekide guztiena da, ez irabazi den tiraldi horretan parte hartu duten sokatiratzaileena soilik.
Garrantzitsua al da zuentzat Euskal Herriko selekzio modura aurkeztu ahal izatea?
B. I: Oso garrantzitsua. Iaz lortu genuen ofizialtasuna eta Basque Country modura aurkezten gara orain. Ikurrina altxatzen ikustea eta bertoko ereserkia entzutea izugarria litzateke. Iaz hirugarren geratu ginen, aurten bigarren, eta ea datorren urteko munduko txapelketan lortzen dugun gure ereserkia entzutea.
Zelako etorkizuna du?
B. I: Erika da nesketan gazteena eta atzetik ez daude neska asko prest. Ez da emakume asko biltzen dituen kirola, eta neska askorentzat estetikoki ez da oso atsegina eskuetan maskurrak edukitzea. Kirol honetan, gainera, aintzatespenik ez dago, ez delako ezagutzen. Teknika asko behar duen kirola da, eta indarra eta fisikoa ere eskatzen ditu. Halaber, lehiatzeko eta emaitzak ikusteko, esfortzu handia egin behar da.