Irailaren 30era arte izango dute Busturialdeko herritarrek AEKko klase eta ikastaroetan izena emateko aukera. Hain zuzen, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara jarri beharko dira harremanetan Gernika-Lumoko zein Bermeoko euskaltegiekin, telefonora deituta, helbide elektronikora mezua idatzita zein bulegora bertara joanda.

Gernika-Lumoko Berbalagun. Maiatzeko Ezetz Jakin.
Aurten, gainera, inoiz baino aberatsagoa da Busturialdeko AEKren eskaintza; izan ere, aurretik herritarren eskura jartzen zituen ikastaro eta klaseei berritasunak ere gehitu dizkie. Busturialdeko AEKko arduradun Iratxe Garmendiak jakinarazi duenez, euskalduntze maila guztiak eskainiko dituzte aurten eskualdean. Hala, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailez gain, C2 maila egiteko aukera ere egongo da 2015-2016 ikasturtean. Laugarren mailaren parekidea da azken hori, eta Gernika-Lumoko AEKren bulegoan eskainiko dute.
Hori, baina, ez da berritasun bakarra izango; klaseetara joaterik ez duenak ere euskara ikastea ahalbidetuko dutelako, autoikaskuntzako online ikastaroen bitartez.
Halaber, aurrekoetan bezala, ikastaro bereziak ere egongo dira aukeran ikasturte berrian. Euskararen transmisioa mantentze asmoz, guraso taldeak jarriko dituzte martxan aurten ere Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udalek. Kasu horretan, beraz, AEKko bulegoetan zein Bermeoko edota Gernika-Lumoko udaletako Euskara Zerbitzuetan eman beharko da izena.
Berbalagunegaz aurrera
Orain arte Bermeon eta Gernika-Lumon abiatu duten Berbalagun egitasmoak ere izango du presentzia ikasturte honetan. Taldeetan banatuta, hortaz, euskara euskaltegitik kanpo eta modu informalean praktikatzeko bilduko dira herritarrak aipatu herri bietan.
Eskaintza oparoa ekarriko du, beraz, aurten AEKk eskualdera, eta, gainera, ikastaro eta klaseak ikasleen ordutegira egokitzeko prestutasuna erakutsi dute; hala, ikastaroak goizean, eguerdian edota iluntzeak gauzatu ahalko dira.
Aipatu ikastarook, gainera, diru laguntzen bitartez ordaindu ahalko dituzte herritarrek; izan ere, diru laguntza mota bi jartzen dituzte euskara ikasi nahi duten horien eskura: batetik, HABEko azterketak egin eta gainditzen dituztenek, HABErengandik laguntza jasotzen dute, eta, bestetik, herri ezberdinetako udalek –Busturialdean herri gehienek– aparteko diru laguntza eskaintzen dute, klaseetara %80an bertaratzen direnentzat.
Gernika-Lumon, gainera, langabetuek doan izango dute matrikula.