
Argazkilaria: Hernani Rugby.
42-20 amaitu zen bi taldeen arteko derbia.
Partidako lehenengo minutuak berdinduta hasi zituzten, baina, hasieratik presio handia eginez jokatu zuen etxeko taldeak.
Hala ere, Gernika Rugby taldeko Martin Souvillek egin zuen norgehiagokako lehenengo entsegua. Hala, 8. minutuan 0-7 aurretik ipini ziren basurdeak. Baina, pozak ez zien askorik iraun; zoritxarreko jokaldi batean Dario Canaani txartel horia erakutsi zioten eta gernikarrak jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren.
Nagusitasun hori aprobetxatzen jakin zuen Hernanik, eta Dario zelaira bueltatu ostean, eta bi taldeak jokalari guztiekin zeudela markagailuan aurrea hartu zuen: 12-7. Souvillek beste entsegu bat egitea lortu zuen orduan, bi taldeen arteko aldea murriztuz. 12-14 zihoazen basurdeak irabazten. Baina, minutu gutxi batzuren ondoren, Joel ‘Toro’ Sclaviri txartel horia atera zion epaileak, eta zelaia utzi behar izan zuen.
Jokalari bat gehiagorekin jokatzea ondo aprobetxatu zuten etxekoek, eta beste entsegu bat eginda, markagailuan aurretik heldu ziren atsedenaldira, 18-17.
Atsedenalditik bueltan bi taldeek jokalari guztiekin ekin zieten bigarren zatiari. Hamazortzi minuturen buruan berriro ere gernikarrek aurrea hartu zuten markagailuan: 18-20.
Hala ere, Gernikaren defentsaren hutsegiteak aprobetxatuta etxeko taldeak entsegu errezak egitea lortu zuten. Horrela, markagailuan bi taldeen arteko aldea handituz joan zen. Gainera, hori gutxi ez, eta epaileak Jon Magunazelaia kanporatu zuen, Gernika jokalari bat gutxiago utziz.