
Argazkilaria: Gernika KESB.
Atzo jokatu zuten finala IDK Gipuzkoaren kontra, eta 65-68 nagusitu ziren gernikarrak. Bi urtez jarraian eskuratu dute Euskal Kopa. Iaz titulua eskuratzen zuen lehenengo talde bizkaitarra izan zen.
Asteburu honetan ekingo dio talde gernikarrak 2015-2016 denboraldiari, eta liga aurretik lorturiko garaipenak taldeari konfiantza emateko balio du.
Euskal Kopan jokaturiko bi partidetan taldeak jokoan jarraitutasun gehiago izan du, barrutik eta kanpotik tantoak eginez eta bere jokoan oreka mantenduz.
Atzoko finalean erasoan eta defentsan asmatu zuten, baina, aurkariak ez zion erraz jarri. Defentsako erreboteetan eta pibot gipuzkoarrak heltzeko zenbait zailtasun izan zituzten.
12-29 amaitu zuten lehenengo laurdena, eta 29-35-ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Pop-ek saskiratzeetan asmatu zuen, hurbiletik zein hurrunetik tantoak eginez, eta Edwarsek ere saskiratze asko lortu zituen.
Hirugarren laurdenaren amaieran bi taldeen arteko aldea nabarmen handitu zen, 39-62-ko markagailuagaz heldu baitziren laugarren laurdenera. Baina, gipuzkoarrak ez zeuden amore emateko prest, eta defentsa sendotuz eta erasoan behin eta berriro saiatuz 56-56 berdinketa lortu zuten.
Edwards eta Pop izan ziren puntu gehien egin zituztenak, lehenak 21 puntu lortu zituen, eta bigarrenak, 20 puntu.
Final erdia Araskiren kontra
Herenegungo finalerdia Araskiri 82-58 irabazira lortu zuen Gernika Bizkaiak atzoko finalerako txartela. Gernika-Lumoko taldeak izan zuen partidaren kontrola, eta hutsegite batzuk izan arren, orokorrean, joko ona erakutsi zuen.
Hasieratik defentsan lan ona egin zuen Gernika Bizkaiak eta erasoan puntuak pilatzeko ez zuen arazo handirik eduki. Esaterako, norgehiagoka hasi eta bost minutura 20-2 zihoan aurretik. Garcia denfentsan zein erasoan bikain aritu zen, eta Diezek hirukoak saskiratzen asmatu zuen.
Hala ere, minutuek aurrera egin ahala, erritmoa mantsotu zuten gernikarrek, eta aurkariak hori aprobetxatzen jakin zuen, atsedenaldirako bien arteko aldea murriztuta. Hain zuzen ere, 39-24 -ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Final aurrekoan ere Edwards izan zen puntu gehien egin zituen jokalaria: 14 puntu. Popek eta Diezek hamabina puntu egin zituzten, eta Vanderwallek eta Sandersek hamarna puntu.