
Argazkilaria: Bermeo futbol faldea
Atzo arratsaldean garaipen garrantzitsua lortu zuten bermeotarrek. Hain zuzen ere, denboraldi honetan etxean lortu duten lehenengo garaipena da. Aurrerako jokalariek, ostera, ez zuten beren jokoa egiten asmatu, eta itxura kaskarra erakutsi zuten Itxas Gane futbol zelaian.
Gustura jokatu zuten etxeko jokalariek, sentsasio onekin jokaldietan asmatzea lortu zuten. Partida hasi eta ordu erdira 3-0-eko markagailuagaz aurretik ziren etxekoak.
Neurketaren lehenengo minutuetan hiru gol aukera izan ostean, 25. minutuan Aranazek sartu zuen norgehiagokaren lehenengo gola. Jokaldi bikain baten ostean, gol ederra sartu zuen, aspaldian Itxas Ganen ikusten ez zen horietakoa.
2-0-koa Argiderrek egin zuen 32.minutuan. Eta aurkariari erantzuteko astirik eman barik, Amorrortuk sartu zuen bermeotarren hirugarren gola.
Atsedenalditik bueltan ondarroarrek golaren bila jarraitu zuten, baina, ez zuten asmatu. 60.minutuan, Alatzek 4-0-ekoa sartu zuen. Kontraeraso azkarreko jokaldian, atezainaren aurrean bakarrik gelditu, eta ez zuen hutsik egin.
Hamar minutu beranduago, Josuek egin zuen partidako azken gola, area kanpotik egindako jaurtiketa indartsuan.
Sailkapenean hamargarren
Asteburuan jokaturiko seigarren jardunaldiaren ostean, Bermeo hamargarrena da sailkapenean zortzi puntugaz. 14 puntugaz Basconia da liderra, Zamudio bigarrenak 13 puntu ditu, Balmaseda hirugarrenak 12 puntu ditu, eta Beasain da laugarrena 11 puntugaz.