
Kaikuk irabazi zuen denboraldiko azken estropada, atzo Portugaleten.
Denboraldian zehar pilatutako puntuei dagokienez, errekorra egin dute hondarribitarrek. Guztira, hamabi bandera irabazi dituzte amaitu berri duten denboraldian. Urdaibaik bigarren amaitu du denboraldia, 198 puntugaz, eta hiru bandera lortuta.
Orio hirugarrenak 174 puntu eskuratu ditu denboraldian, eta Kaiku laugarrenak, berriz, 154 puntu.
Halaber, atzo Portugaleten argitu zen hurrengo denboraldian TKE ligan ariko diren taldeen zerrenda. Portugaletek mailari eustea lortu du, eta Zumaia ere gorengo mailan egongo da.
Bestalde, patroi onenaren saria San Juango Jon Ormazabal eta Endika Perezentzat izan da aurten. 22 puntugaz irabazi dute. Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia bigarren sailkatu da, 17 puntugaz. Eta puntu kopuru bera lortu du Irakoitz Etxeberria Orioko patroiak.
Kaiku nagusi azken estropadan
Atzo eguerdian Portugaleten lehiatu zuten denboraldiko azken estropada. 19 minutu, 19 segundo eta 6 ehuneneko denboragaz Kaiku izan zen garailea, denboraldiko lehenengo bandera eskuratuz.
Bou Bizkaia ontzia izan zen bigarrena, Bizkaitarrarengandik 4 segundo eta 32 ehunenera. Horien atzetik, ohorezko txandako beste bi ontziak sailkatu ziren. Hondarribia Kaikurengandik 13 segundo eta 86 ehunenera sailkatu zen, eta Orio, berriz, 17 segundo eta 94 ehunenera.
Bestalde, lehenengo txandan Cabok egin zuen denborarik onena: 19 minutu, 48 segundo eta 20 ehunen. Haren atzetik San Juan heldu zen, Tiran gero, eta azkenik, San Pedro.
Gainera, San Juan izan zen azkarrena lehenengo ziabogan, 4 minutu eta 6 segundoko denbora markatuz. Segundo bat gehiago behar izan zuen Oriok. 4 minutu eta 8 segundoko denboran eman zuten lehenengo txandako Cabok, eta estropadaren irabazleak. Eta 4 minutu eta 9 segundoko denbora egin zuten Urdaibiak, Hondarribiak eta Tiranek.
Bestalde, bigarren eta hirugarren ziabogetan Kaiku nagusitu zen. Bigarrena, 9 minutu, eta 34 segundoan eman zuen, eta hirugarrena, 14 estropadaren 14. minutuan.
Portugalete eta Zumaia
El Corte Ingles bandera lehiatu aurretik play off-en bigarren jardunaldia jokatu zuten atzo, Zumaiak, Getariak, Portugaletek eta Mugardosek.
Izan ere, herenegun Bermeon moduan, atzo Portugaleten ere Zumaia izan zen azkarrena. Era berean, Portugaletek ere etxean lan bikaina egin zuen, bigarren sailkatuz.
40 minutu, 42 segundo eta 16 ehunenean amaitu zuten zumaiarrek estropada. Portugaleteri 44 ehuneneko errenta baino ez zien atera, ben arteko lehia biziaren erakusle.
Getariak hirugarren amaitu zuen, irabazlearengandik 17 segundo eta 92 ehunenera. Mugardos heldu zen azkena, lehenengoarengandik 22 segundo eta 58 ehunenera.
Hala, etxeko arraun taldea izan zen azkarrena hiru ziabogetan. Lehenengoa denbora berean eman zuten Portugaletek eta Getariak: 4 minutu eta 11 ehunenean. Bigarrenean 9 minutu eta 52 ehuneneko denbora markatu zuen Portugaletek, Zumaiari zortzi segundoko errenta aterata. Hirugarrenean ere alde berdina egon zen bien artean.
SAILKAPEN OROKORRA:
- Hondarribia 217 puntu
- Urdaibai 198 puntu
- Orio 174 puntu
- Kaiku 154 puntu
- San Juan 138 puntu
- Cabo 132 puntu
- Tiran 129 puntu
- San Pedro 120 puntu
- Astillero 75 puntu
- Zierbena 62 puntu
- Portugalete 40 puntu
- Samertolameu 22 puntu
El Corte Ingles banderaren sailkapena:
- Kaiku 19:19.06
- Urdaibai 19:23.38
- Hondarribia 19:32.92
- Orio 19:37.00
- Cabo 19:48.20
- San Juan 19:51.00
- Tiran 19:56.24
- San Pedro 20:11.12