Urdaibairi espedientea zabaldio dio Donostia Festak erakundeak
Bou Bizkaia-ko tripulazioa zegokion moduan jantzita ez joateagatik zabaldu diote espedientea. Bermeon jokatuko da bihar, San Miguel Ligako azken-aurreko estropadaKontxako bandera antolatzeaz arduratzen den Donostia Festak erakundeak espedientea zabaldu...
Bou Bizkaia-ko tripulazioa zegokion moduan jantzita ez joateagatik zabaldu diote espedientea. Bermeon jokatuko da bihar, San Miguel Ligako azken-aurreko estropada
Kontxako bandera antolatzeaz arduratzen den Donostia Festak erakundeak espedientea zabaldu dio Urdaibairi. Jakinarazi dutenez, herritar batek aurkeztutako salaketa baten harira zabaldu diote espedientea; tripulazioa zegokion modura jantzita ez joategatik, hain zuzen ere.Donostiko Udalaren menpeko erakundearen arabera, Urdaibaiko arraunlariek Kontxako estropaden araudietako bat urratu dute. Araudi horretako 9. artikuluak horrela baitio 2. idatz zatian: «Tripulazio guztiek beren tripulazioaren kamiseta jantzi beharko dute portuko arrapalatik irteten direnetik, bertara iristen diren arte. Hau da, izena emateko eskaeran adierazitako kolore bereko kamiseta eraman beharko dute».
Donostiako Udal ordezkariek ez dute zehaztu zer zeramaten soinean Urdaibaiko arraunlariek. Hedabide ugarik zabaldu dutenez, hala ere, Athleticeko eta euskal presoen aldeko banderak eroategatik zabaldu diote espedientea.
Domekako gertaera hori arau-hauste arina izan daitekeela azaldu dute erakunde publikotik, eta klubarentzako zigor ekonomikorik ez dakarrela diote. Orain, klubak egun batzuetako epea edukiko du helegitea jartzeko.
Kontxaren «errebantxa»
2015eko San Miguel Liga azkenera heltzen ari da, azken asteburua izango baitu oraingoa. Domekan amaituko da liga, Portugaleten, baina, aurretik, zapatu arratsaldean, Busturialdeko uretan ariko dira traineruak. Hain zuzen, Bermeo Hiriko 33. ikurrina izango dute jokoan. Agustin Aranburu Urdaibai Arraun Elkarteko presidentearen esanetan, «Bermeoko estropada Kontxako banderaren errebantxa izango da».
Kontxako banderaren garaipena burutik kendu ezinean badabiltza ere, Bou Bizkaia-ko arraunlariek herriko bandera lortu gura dutela azaldu du Aranburuk. Hala, «indarragaz eta gogotsu» aterako direla dio.
Hiru txandatan banatuta egongo da Bermeoko estropada. Lehenengoa, 18:00etan hasiko da. Ordu horretan, igoera-jaitsiera kanporaketaren lehenengo estropadagaz hasiko dira. Portugalete, Zumaia, Getaria eta Mugardos egongo dira lehian. Erlojupekoan jokatuko da proba. Lau luze eta hiru ziabogako proba egin beharko dute, eta ontziak minutu bateko aldeagaz aterako dira.
Ondoren, Bermeo Hiriko 33. ikurrina lortzeko lehian ariko dira; Cabo, Pasai Donibane, San Pedro eta Tiran lehenengo txandan, eta, bigarrenean, berriz, Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta Orio.
Urdinez janzteko deia
Bihar urdinez jantzi eta estropada ikustera joateko deia egiten diete Bermeoko herritarrei, «trainerua animatzeko eta bandera irabazi ahal izateko».
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak esan duenez, ohore bat da horrelako lehen mailako kirol ikuskizun bat herrian eduki ahal izatea, eta, dioenez, «harro» egotekoa ere bada. Egun osoan jai girorik ez dela faltako aurreratu du. Kirol erraza ez dela eta, kirolariei aipamen berezia egin gura izan die alkateak, eta horien «kemena eta eskuzabaltasuna» azpimarratu du.