Urdaibairi espedientea zabaldu dio Donostia Festak erakundeak
'Bou Bizkaia'-ko tripulazioa zegokion moduan jantzita ez joateagatik zabaldu diote, hain zuzen ere
Kontxako bandera antolatzeaz arduratzen den Donostia Festak erakundeak espedientea zabaldu dio Urdaibairi. Jakinarazi dutenez, herritar batek aurkeztutako salaketa baten harira zabaldu diote txostena; tripulazioa zegokion modura jantzita ez joategatik, hain zuzen ere.
Donostiako Udalaren menpeko erakundearen arabera, Urdaibaiko arraunlariek Kontxako estropaden araudietako bat urratu dute. Araudi horretako 9. artikuluak horrela baitio 2. idatz zatian: «Tripulazio guztiek beren tripulazioaren kamiseta jantzi beharko dute portuko arrapalatik irteten direnetik, bertara iristen diren arte. Hau da, izena emateko eskaeran adierazitako kolore bereko kamiseta eraman beharko dute».
Donostiako Udaletik ez dute zehaztu zer zeramaten soinean Urdaibaiko arraunlariek. Hedabide ugarik zabaldu dutenez, hala ere, Athleticeko eta euskal presoen aldeko banderak eroategatik zabaldu diote espedientea.
Domekako gertaera hori arau-hauste arina izan daitekeela azaldu dute erakunde publikotik, eta klubarentzako zigor ekonomikorik ez dakarrela diote. Orain, klubak egun batzuetako epea izango du helegitea jartzeko.