
Martxoan hasi zen Aranzadi Gautegiz Arteagan Lehen Frankismo garaian gertatu zena iksretzeko lanarekin. Udalak eskatuta, garai hartan herrian eman ziren giza eskubideen urraketak ezagutu gura dituzte, eta artxiboetan bilatzen ari dira orain historialariak. Aranzadiko Javier Buces da ikerketaren arduraduna eta, azaldu duenez,artxiboetako informazioa garrantzitsua den arren, beste hainbat gertakizun eta datu badaude artxiboetan aurkituko ez dituztenak. Horregatik, herritarren laguntza eta parte hartzea eskatu du.
Dagoeneko hamar herritar elkarrizketatu dituzte, eta haien testigantzak jasota eta transkribatuta dituztela azaldu du Bucesek. Gero, herritarrengandik jasotako informazio hori beste bide batzuetatik lortuko dituzten datuekin konparatuko dituzte. Hala ere, herritar gehiago elkarrizketatu nahiko lituzke Aranzadik.
Testigantzaren bat eman nahi duen herritarrak udalera jo dezake, 699 809 130 telefono zenbakira dei dezake, edo jbuces@aranzadi.eus helbidera mezua bidali dezake. Aranzadiko historialariaren esanetan, historia orokorra ezaguna da, baina herri txikietan gertatutakoari buruz ez da ikertzen. Beraz, familietan gorde den informazioa ere baliagarria izan daitekeela dio, eta, nahi izanez gero, diskrezioarekin jokatuko dutela gaineratu du, anonimotasuna gordez.